Lehenengo aldiz, eta egun osoz, skate zaleek euren festa izango dute larunbatean Tolosan.
Tolosako Skate taldeak antolatuta, eta Tolosako Udalaren laguntzaz, I. Skate festa Usabal kiroldegiko skate pista berrian izango da.
Eguerdiko 12:00ak aldera hasiko dira egitarauaren barruko ekitaldiak. Horrela, 14:00ak bitarte, skate librearen tartea izango da. Norberak bere aldetik, pistarekin lehen kontaktua izango du, eta egiteko gai den abileziak erakutsi ahal izango ditu.
14:00etan, bazkariari egingo diote lekua. Parrillada egingo dute antolatzaileentzat eta arratsaldean jokatuko den skate txapelketako parte hartzaileentzat. Norgehiagokan parte hartu nahi duenak, aurrez izena emateko aukera izango du Nimbin dendan; egunean bertan ere izena eman ahal izango da.
Arratsaldeko 16:00ak inguruan, skate txapelketari hasiera emango diote. Hiru maila banatu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, 14 urtetik gorakoak arituko dira skate pistan. Era berean, 14 urtez azpiko gaztetxoek ere euren maila izango dute. Azkenik, neskak arituko dira. Maila hauetariko bakoitzean irabazle suertatzen denak, materiala eta 500 euro jasoko ditu saritzat.
Egunarekin amaitzeko, sari banaketaren ondoren, 20:30 inguruan, musika izango da nagusi. Gargantas desgarradas eta Lobo eléctrico taldeen kontzertuak izango dira. Barra bat jarriko dute, eta ateratzen den dirua skate pistan modulu berriak jartzeko erabiliko dute.