Itsaso txarrari aurre eginez, eta Zumaiako neskak baino hamazazpi segundu gutxiagorekin, Donostiako uretan jokatu zen Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi zuten, herenegun, Getaria-Tolosako neskek.
Bi txandatan banatu zuten estropada; lehen txandan, Hondarribia eta Orioko traineruak aritu ziren, eta bigarrenean, berriz, San Juan, Zumaia eta Getaria-Tolosako faboritoek egin zuten arraunean.
Itsasoaren aurka
Donostiako arraunketa eremuan, itsaso harroa eta haize handia zebilen pasa den asteazkenean, eta arraunlariek gainesfortzua burutu behar izan zuten estropada amaitzeko.
Hain zuzen ere bigarren txandan, hasiera ematea kosta zitzaien. Izan ere, Getaria-Tolosak eta San Juanek euren ontziak irteera puntuan zuzen jartzeko arazoak izan zituzten, bigarren eta hirugarren kaletik, hurrenez hurren.
Lehenengo luzea izan zen gogorrena, haizea kontran izan baitzuten arraunlariek. Gainera, ontzien brankak behin eta berriz sartzen ziren uretan.
Luzearen amaierara, Getaria-Tolosako neskak iritsi ziren aurretik, eta zumaiarrekiko sei segunduko aldearekin eman zuten jardunaldiko ziaboga bakarra.
Bigarren luzean, Getaria-Tolosako Urkabe trainerua oso ondo itzuli zen Kontxako badiara poparean, eta txandako aurkariekiko tarteak handitzea lortu zuten neskek, helmugan olatu gainean sartuz.
Datorren uztailaren 25ean, Euskadiko txapelketan arituko dira, Lekeition.
Denborak
Lehen txanda
Orio. 14:25.44
Hondarribia. 15:40.76
Bigarren txanda
Getaria-Tolosa. 13:27.98
Zumaia. 13:45.76
San Juan. 14:17.52