Euskal preso politikoen aldeko hamaika ekimen ikusi izan ditugu gure eskualdean, eta maiztasunez gainera. Bi aipatzekotan, azken ostirala eta hileko lehen osteguna azpimarratu behar dira. Lehena, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bultzatzen du, eragile desberdinen laguntzaz eta parte hartzeaz. Bigarrena, Tolosako Lizardi elkartetik garatutako ideia da.
Pello Odriozola tolosarra1988. urtean atxilotu zuten. Egun, ondorioz, 23 urte daramatza espetxean Lizardi elkarteko kideak. Estatu espainiarreko espetxe ugari ezagutu ditu urte guzti hauetan zehar, eta gaur Zaragozan daukate preso. Bere elkarteko kideek ez dute ahazten, eta hileko lehen ostegunean kalera irteten dira hainbat herritarren babesarekin. Trianguloa plazan 19:30ean hasten den elkarretaratzean parte hartzeko deialdia, tolosar guztiei zabaldua dago. Pello Odriozolak bizi duen egoera salatzeko modukoa delako Lizardikoen ustez: «Zigorra oso-osorik 2008ko uztailaren 2an bete zuen, hortaz, dagoenekoz 3 urtez luzatu diote zigorra bidegabeki Pellori».
Orain Zaragozan dutela aipatzen dute elkarteko kideek, «bahituta». Egoera «eskandalagarria» dela diote, «mendeku hutsa». Pello Odriozolari 2008an Parot doktrina ezarri zioten espetxean mantendu ahal izateko. Orain irteera eguna data zehatzik gabe dago, «ez dakigu noiz irtengo den, euren erabaki horren arabera, egun hori oso urrun dago, 40 urte espetxean? Ez dakigu».
Euren Lizardiko kideari biziarteko zigorra ezarri diotela salatzen dute: «Ez baldin badute hitz horrekin esan nahi ere, praktikan, biziarteko kartzela zigorra ezartzen dute, eta hori ezinezkoa da. Zuzenbide estatu batean, beraiek jarritako zigorra bete, eta behin hori beteta dagoenean, kalera irten beharra dauka presoak. Birgizarteratzea eta abarrez mintzo dira gero, baina hau mendeku hutsa besterik ez da».
Euskal Herrian bizi duen garai honetan, urratsak eman beharra ere ikusten dute Lizardikoek: «Denon artean alde guztietako minak sendatu behar dira, baina alde guztietakoak. Presoak etxeratzea ezinbesteko urratsa eta baldintza da. Zigorrak beteta dituztenak, gaixorik daudenak... etxean egon beharko lukete jadanik. Denon artean egin behar dugu bakea, eta horretarako arerioen artean hitz egin beharra dago arazoak konpontzeko».
Azkenik, herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte ostegunetako elkarretaratzera. Eurak, bertan egongo dira Pello Odriozola aske ikusi arte.