http://www.youtube.com/watch?v=MsBUln_78wc
Galiot Teatre kataluniarrak bira egiten ari dira bere txotxongiloen parkearekin eta asteburuan Tolosan izan dira. Taldeko Jordi Monserdak zioenez, «ekarri duguna ez da ikuskizuna, jolas gune bat da, bakarra estatuan. 140 txotxongilo eta 15 txoko ditu, eta bertan haurrek eta familia osoak oro har, txotxongiloen mundua ezagutu dezake barrutik».
Topic zentroak ekarri zuen txotxongiloen parkea eta Euskal Herria plazan izan zen bi egunez. Haur eta guraso asko aritu ziren txokoetan zehar zeuden txotxongiloak erabiltzen. Teknika guztiak zeuden: eskularruena, harizkoak, mahai-gainekoak, itzal txinatarrak... Antzinako jolasak ere bazeuden, eta horietan, pedal bati emanez kaxa batetik panpina ateratzen zen. Txoko bat berezia zen, txotxongiloak kortxoz eta enborrekin eginak baitzeuden.
Txotxongiloak erabili ahal izatea eta esperimentazio hori egitea oso erakargarria da. «Jendeak uste du txotxongilo mota bakarra dagoela, hau da, eskularruarena, antzeztoki txiki batetik ateratzen diren txotxongiloena», zioen Monserdak. «Baina tailer honekin konturatzen dira oso aberatsa dela mundu hau. Denbora erraz pasatzen zaie familiei. Gurasoek esan ohi didate, pentsatzen zutela ordu laurdenekoa kontua izango zela guztia bisitatzea, eta konturatu direnerako ordubete zeramatela bertan».
Galiot Teatrekoek ere nabarmendu zuten ia txotxongilo guztiak egur birziklatuarekin eginak daudela. «Egur guzti horri beste erabilera bat eman nahi izan diogu, espazio hau dena antolatuz», azaldu zuen Monserdak.