Abarlotz Olanok (Zaldibia, 1980), Antilla izeneko bere lehen diskoa kaleratu berri du. Michel Ducaurekin elkarlanean aritu da diska osatzeko, eta ekoizle lanetan ere aritu da. Musikari handiak izango ditu alboan, gaur 22:30ean Plaza Berrian eskainiko duen kontzertuan. Tartean, Iker Piris tolosarra ere izango da, gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa eta mandolina jotzen.
Noiz izan zenuen lehen kontaktua musikarekin?
Nire osaba Zaldibiako Xapre soinujolea da, eta txiki-txikitatik hark ibili iza nau hara eta hona. Berarekin ibiltzen nintzen arren, ikusten nuen nire musika, trikitia baino gehiago, orain lantzen dudan estilo hau zela: folka, gitarra eta armonikarekin. Horrela hasi nintzen musikan, nire gisara, nire gitarra akustikoarekin eta armonikarekin.
Musika ogibide izan nahi al zenuen txikitatik?
Azken finean, barrutik ateratzen zaizun zerbait da: abestiak, sentimentu horiek... Askotan ez duzu uste hortik biziko zarenik, ezta gutxiago ere. Baina hortik ere bizi liteke; arnasa hartuta bizi baldin bagara, zergatik ez musikatik?
Eta zergatik aukeratu zenuen hain zuzen ere musika gaztetxoa zinenean?
Ikusten nituen momentuko abeslariak: Benito Lertxundi, Niko Etxart, eta halako jendea. Beren gitarrarekin ikusten nituenean, gitarra soinu hark sentimentu handi bat sortzen zidan, asko eragiten zidan, barruan zerbait banu bezala. Musika sentitzen nuen.
Beraz, aipatu berri dizkidazun musikariak izan dira zure erreferente.
Bai, ikaragarri gustatzen zaizkit. Gero, pixkanaka Bruce Springteen, Bob Dylan eta antzekoak ere entzuten hasi nintzen. Halako zirrara bat sortzen zidaten, eta asko bete izan nau beren musikak.
Zure lehen diskoak Antilla du izena. Nondik datorkio izen hau lanari?
Antilla abere bat zen, behor bat, eta berari eskaini diot diska. Ni txikia nintzela, aitarekin Lasarte aldera joan nintzen, eta abere bat ikusi nuen. Pertsonak maitemintzen direnean bezala, gauza oso indartsu bat sentitu nuen; ez zen maietmina izan, baina bera nirea zen, eta ni berea ere bai. Animali harekin sekulako lotura sortu zen. Zaharra zen jada, eta ez zegoen oso ondo zainduta, eta aitak duen baserrira eraman genuen. Iruditzen zait bera sendatu nahi horrekin, berak sendatu naula ni. Niretzat oso animalia berezia izan da, asko maite nuena; askotan animalia batek eman diezazuke, pertsona askok eman ezin dizuten hori. Horregatik iruditzen zait, animalien izakera berezi hori guretzat oso garrantzitsua dela.
Taldekideen artean goi mailako musikariak dituzu. Ezagunenetarikoa, Michel Ducau izango da; diska berarekin elkarlanean egin duzu. Nola ezagutu zenuten elkar? Nolatan hasi zinen berarekin lanean?
Lehen esan bezala, osabarekin Iparraldean asko izan nintzen, eta behin Michel ikusi nuen musika jotzen. Zera pentsatu nuen: "nirekin antzekotasunak baditu gizon honek". Egun batez berarekin harremanetan jarri nintzen, nik nuen maketa bat entzun zuen, eta gustatu egin zitzaion. Horrelaxe hasi ginen, eta orain aita-semeak bezala gara, izugarri maite dut Michel, eta berak ni ere bai. Nik behar handi bat izan dudan momentuoro, bera hor egon da, eta hori beti eskertuko diot.
Zein izan da Michel Ducauren aportazioa diska honetan?
Berak ekoizle lanak egin ditu, eta abestietako konponketak ere bai. Hor ibili diren musikari guztiei ere asko lagundu die; bere aldetik asko jartzen du eta iritziak elkartrukatzen ditu lan egiteko moduari dagokionez.
Diska entzuten duen jendeak, eta batez ere, gaurko kontzertura bertaratzen den jendeak, zer nolako doinuak entzungo ditu?
Egia bihotzez esan behar badut, diskakoa baino askoz ere indartsuagoa eta politagoa da zuzenekoa, zalantzarik gabe. Egiten dugun musika euskal folklorearen sustraietatik oso gertu dagoela iruditzen zait, eta rock puntu bat ere badu; honek bere indarra ematen dio. Gero, pare bat balada ere baditut. Uste dut esanahi polita dutela, eta merezi duela kantu hauek entzuteak.
Abestien hitzak zuk sortzen al dituzu? Nolakoa da prozesu hori?
Nire lehen abestia Txori txiki bat naiz izan zen. Nire aitarekin-eta nengoen egun batean, aurrez aurre txori bat zebilen hegaka, eta harrituta geratu nintzen, nire aurrean zebilen moduagatik. Liluratuta utzi ninduen, eta zerbait esan nahi izan zidala pentsatu nuen. Idazten hasi nintzen, eta txori hark niri esan nahi izan zizkidan haiek izan ziren nire lehen lerroak. Orain txori batek abesten didan bezala, bizitzak egoera desberdinak eskaintzen ditu. Oso garrantzitsua iruditzen zait zerbaitegatik arreta ematen diguten gauzak adieraztea. Tolosan abestuko dudan lehen abestia, adibidez, eskale bati buruzkoa izango da, eta ez du etxebizitzarik. Hamaika pertsonak eman ez didaten sentimendua eman dit eskale horrek. Etorkinei ere eskaini diet beste kantu bat. Nolabaiteko lilura hori sentiarazi didaten gaiez aritzen naiz kantuetan, eta bizitza hori dela uste dut: ikustean sentitzea.
Musikaren munduan txoko bat egitea ez da erraza. Baten batek pentsa lezake, gainera, musika euskaraz eginda are zailagoa dela. Zuk hala ere, euskara aukeratu duzu. Zalantzarik izan al zenuen hizkuntza aukeratzerakoan?
Ez, inola ere ez. Ziur naiz jende asko dagoela euskara ikasi nahiean, eta Euskal Herriko seme batek lehendabizi euskaraz abestu behar duela uste dut nik. Izan ere, euskaldunok euskara gure ama hizkuntza izateko saria jaso dugu, eta altxor bat dela uste dut. Nire kontzientzian hau argi eta garbi daukat, eta lehendabizi euskalduna naiz. Ez ditut inola ere baztertzen, ez gaztelera, ez ingelesa, ez japoniera... Baina nire nortasuna euskalduna da, eta benetan, bihotzetik, euskaraz abesten dut.