Azken aste betean hiru emakume erail dituzte Euskal Herrian. Gertaera hau salatzeko, elkarretaratzeak deitu zituzten Tolosan eta Leitzan.
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko bilkurak Emakumeen Mundu Martxako Plataformak antolatu zituen; ondoko eragileak daude bertan: Bilgune Feminista, ELA, LAB eta EHNE.
Elkarretaratzeetan, idatzi bat irakurri zuten antolatzaileek, euren salaketa agerian uzteko. Azken astean hiru emakume erail izana «indarkeria patriarkalaren eragina» dela nabarmendu zuten. Emakumeen aurkako indarkeria arazo politiko «larritzat» hartu zuten, eta auzi honi «ezinbestean irtenbide bat» emateko beharraren deia luzatu zuten.
Sexismoa erasoetan
Emakumeen kontra burutzen dituzten eraso guztiek, «esplizituki edo inplizituki sexismoa» arrazoi nagusi duela diote; erasoetan edo hilketetan, beraz, emakume izateak zerikusi handia duela uste dute Emakumeen Mundu Martxako Plataformako kideek.
Gizarteko arazo honen oinarria jendartean dagoen antolamenduan hasi, eta bizitzako esparru guztietara zabaltzen dela azaldu zuten, eta horrenbestez, «egiturazko indarkeria» baten aurrean gaudela.
«Minduta eta haserre gaude»
ELkarretaratzera bertaratuek, «minduta eta haserre» azaldu zuten euren burua, emakumeen aurkako erasoek eta indarkeriak «etenik ez duelako». Bide beretik, egungo gizartean gertatzen den giza eskubide urraketa «larrienetarikoa» emakumeen aurkako indarkeria dela nabarmendu nahi izan zuten.
Erailketak «ozen» salatuz
Durangoko, Portugaleteko eta Hernaniko azken erailketak «ozen» salatzeko bildu ziren elkarretaratzean.
Lehenik eta behin, emakumeen senide nahiz lagunei «elkartasun eta babes osoa» adierazi nahi izan zieten. Honen ondoren, erakunde publikoenganako mezua zabaldu zuten: erakunde publikoek indarkeria sexistaren aurrean erantzukizun handiagoa hartzea eskatu zuten.
Zehazki Rosario Roman-en kasuan, salaketak jarrita egon arren, izandako «babes faltaren eta erakundeek hartutako neurrien erantzuleak» zein diren argitzea nahi dute.
Honen harira, borondate politikoa eskatu zieten agintariei, bai jarritako neurriak, protokoloak eta antzekoak aurrera eramateko aurrekontuak onartuz, eta baita euren arteko koordinazioa landuz ere. Indarkeria sexista konpontzeko, jendarte eredu berri bat «beharrezkoa» dela azaldu zuten.