Bartzelonako Galitot konpainiak, txotxongiloen anzterki munduari eskainitako jolas-eremu bat sortu berri du. Tolosan, bihar eta etzi izango dira Euskal Herria plazan, 18:00etatik 21:00etara bitarte.
Galitot Teatre taldeak 20 urte daramatza antzerkiaren munduan lanean. 1994. urteaz geroztik, txotxongiloen antzerkietan aritu izan dira bereziki, eta batez ere familiei begirako ikuskizunak egiten dituzte. Beren antzerkiek Espainiako kultur ekitaldi garrantzitsuenetan parte hartu dute, eta 30 txotxongilo jaialditan parte hartu dute.
Orain artean, Galitot taldeak ikuskizun ibiltariak egiten zituen, eta eszenatoki batetik bestera aritzen ziren. Pasa den neguan, ordea, proiektu berri batekin lanean aritu dira: Los Títeres.
Txotxongiloekin jolasean
Txotxongiloen antzerkiei eskainitako jolasgunea da Los Títeres. Haur eta gaztetxoenei begirakoa den arre, edonork parte hartu ahal izango du panpinen manipulazioan eta anzterki txikiak antolatzen.
Los Títeres jarrita dagoen plazara iristean, Fustot txotxongilo erraldoiak emango die ongi etorria bertaratuei. Haur eta gaztetxoek, besoak eta hankak mugitu ahal izango dizkiote panpin erraldoi honi, soka batzuetatik tiraka.
Instalazioa era zirkularrean antolatuta dago, eta 12 gelatxotan 90 txotxongilo inguru ikusi ahal izango dira. Gelatxo hauetako bakoitzean, manipulazio teknikak ezagutu ahal izango dituzte bisitariek; honakoak izango dira: eskuzorroekin egindako antzerkitxoak heldu eta gazteentzat; itzal txinatarrak; harizko txotxongiloak; konoekin egindako txotxongilo erraldoiak eta azkenik, sorkuntza eta eraikuntza lantzeko gune bat. Azken gune honetan, haur bakoitzak bere txotxongiloa motatu ahal izango du, bere irudimena erabiliz. Hitz batean, oholtzaren atzean dagoena ezagutzeko aukera izango da.