Jose Inazio Asensiok, Tolosako Udaleko PSE-EEko zinegotziak, Juan Mari Jauregiren monolitoari egindako erasoa gaitzesteko mozioa aurkeztuko du udalean. Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere mozio bera aurkezteko asmoa du Asensiok.
Joan den astean, Jauregiren omenez Legorretan dagoen monolitoa erasotu zuten, eta Asensiok «kemenez» gaitzetsi du hau. Era berean, «elkartasuna» adierazi die monolitoa jarri zuten lagunei eta Jauregiren alargunari, Maixabel Lasari.
Tolosako alkatea den Ibai Iriartek, eta Martin Garitano ahaldun nagusiak, monolitoari egindako erasoa «argi eta garbi» gaitzestea nahi du; hala egiten ez badute, «herritarrak engainatu» dituztela dio. Bide honetan, Bilduk eraso hau gaitzestea giltza dela nabarmendu du Asensiok, eta koalizioko partaideek herritarrek eman dieten «ardura historiko handia ETArekin amaitzeko eta bake bidean jartzeko» erabili beharko luketela uste du.