Bihar hasiko da Tolosand Blues jaialdia. Plaza Berrian izugarrizko bi kontzertu ikusteko aukera egongo da bihar eta etzi. Alde batetik, Sax Gordon eta Lluis Coloma igoko dira oholtza gainera. Bestetik, larunbatean, Janiva Magness ikusteko aukera egongo da. Hiru artista handi hauek, aurkezpenik ez dute behar arlo honetako zaleentzat. Gainontzekoentzat, nortzuk diren jakitea nahikoa da entzuteko gogoa izateko.
Doako kontzertuak direla kontuan izanik, kezka leku on bat aurkitzean egongo da.
«Ez da erraza izan»
Iñigo Martin Tolosand Blues-eko koordinatzailea da. Irailaren amaieran hasi ziren aurtengo ekitaldia prestatzen: «Lehenengo gure aurrekontua zein den ikusten dugu, ondoren, musikarien kalitatea eta Tolosara etortzeko duten prestutasuna aztertzen ditugu».
Behin lan horiek eginda, egunak artistez betetzen dituzte. Lortutako emaitzarekin «oso gustura» agertu da Martin. Hala eta guztiz ere, zailtasunak egon direla onartu du: «Kontuan hartu behar da Janiva Magness ekartzea ez dela batere erraza izan, baina azkenean lortu dugu. Mundu mailan izugarrizko ospea duen artista da; azken 8-10 urte hauetan sekulako gorakada izan duelako. Sari ugari jaso ditu; leku guztietan kritika onak eta laudorioak besterik ez ditu jaso».
Janiva Magness-ek urtean 200 kontzertu inguru eskaintzen ditu, eta etzi, 22:30etatik aurrera, Tolosako Plaza Berrian egongo da.
Saxoa eta pianoa batera
Tolosand Blues-eko izar nagusia Janiva Magness izango baldin bada ere, Sax Gordonek eta Lluis Colomak ere euren ekarpena izango dute. Saxo jotzaileak eta pino joleak elkarrekin eskainiko dute kontzertua. Honek aurtengo edizioaren maila nolakoa den azaltzen du.
Lluis Coloma bere taldekideekin etorriko da bihar Plaza Berrira. Bertan, Sax Gordon gehituko zaie. Martin kontzertuaren zain dago jadanik: « Colomarekin saxo bat etorriko da, eta Gordonek ere saxoa jotzen duenez, bien arteko dueloa ikusteko aukera izango dugu: oso interesgarria izango da».
Lluis Coloma pianoarekin eta organoarekin Europako onenetarikoa da, eta EEBBra sarri joaten da. Martinen esanetan, «benetako izarra da».
Sax Gordonen inguruan, Blues eta Rhythm&Blues estiloetan ez duela aurkezpenik behar dio Martinek: «Mundu mailako izarra da, onenetakoa, eta handienekin hartu du parte diskoetan eta zuzenekoetan».
Bi kontzertu hauekin batera, De 2 en Blues Band, The Boogalords eta Sheilah Cuffy etorriko dira Tolosara bihar eta etzi. Goi mailako egitaraua osatu dute, eta horren jakitun da Iñigo Martin: «Jendeari gerturatzea gomendatuko nioke. Luxu bat da Tolosan horrelako kontzertuak ikusteko aukera egotea. Nire ustez, galdu ezinezko aukera bat da, goi-goi mailako emanaldiak egongo baitira, sekulakoa izango da».