Emakumea izango da 2012ko egutegiko ardatza

tolosa 2011ko ekainaren 30a

Urtero bezala, argazki lehiaketa antolatu dute Tolargik eta Tolosagasak, Tolosako Udalaren laguntzaz. Aurten, 2012ko egutegi ofiziala osatzeko aukeratu duten gaia emakumea eta berdintasuna da.

Lehenengoz, 2006. urtean antolatu zuten lehiaketa, eta bi urtez Tolosaren inguruko argazkiak bildu zituzten egutegirako. 2008. urteko egutegian, natura ardatz zuten Tolosako argazkiak aurkeztu behar izan zituzten partaideek, eta 2009an, berriz, Tolosako jaien ingurukoak. 2010. urteko egutegian euskara eta kultura izan ziren hari nagusia, eta aurtengoan, tolosarren erretratuek bete dituzte egutegiak.

Urteroko moduan, tolosarrek aurkeztutako argazkiekin beteko dute 2012. urteko egutegia, eta lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek datorren irailaren 4ra bitarte izango dute, argazkiak bidaltzeko aukera.

Baldintza garrantzitsuenetarikoa honakoa da: argazkiek nahitaez Tolosan ateratakoak izan behar dute. Hauek, argazki paperean nahiz formatu digitalean aurkeztu daitezke. Argazkien neurriari dagokionez, berriz, paperezkoen gehienezko neurriak 20x30cm-koak izan behar dute; euskarri digitalean aurkeztu beharreko argazkiek, aldiz, 4Mb-eko tamaina izan beharko dute gutxienez, eta JPG formatuan aurkeztu beharko dira.

Aipatzekoa da, argazkilari bakoitzak 25 argazki baino gehiago ezin izango dituela egutegirako lehiaketara aurkeztu. Lanak, Tolosa edo Tolargiko bulegoetan utzi daitezke, eta baita honako helbidera posta bidez bidali ere: Tolargi (Rondilla kalea, 34 behea) edo Tolosagasa (Aroztegieta kalea, 18 behea).

Argazki erakusketa

Aurkezten diren argazki guztien artean, 40 aukeratuko dira, eta hauek izango dira finalistak. Lan hauekin, argazki erakusketa antolatuko dute Aranburu jauregian, irailaren 23tik urriaren 9ra bitare. Erakusketara bertaratzen diren herritarrek, gainera, euren bozka eman ahal izango diote gehien gustatzen zaien argazkiari, eta lanik bozkatuenak, egutegiak ateratzeaz gain, publikoaren saria jasoko du.

Guztira, 13 argazkik jasoko dute epaimahaiaren saria. Erabakia datorren urriaren 15ean plazaratuko dute, epaimahaiko kideek: Tolargiko arduradun bat; Tolosagasako arduradun bat; 2011ko egutegiko irabazlea izan zen Javier Ortiz; Miren Atxaga, erakundeak gonbidatutako argazkilaria; Josebe Iturrioz, udaleko berdintasuneko teknikaria, eta kalitateko bozka emango duen udaleko ordezkaria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!