Tolosako Musika Bandak bi hitzordu izango ditu datorren asteburuan.
Ostiralean, uztailak 1, urteroko emanaldia eskainiko du bandak Amarotz auzoko jaietan. Kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da, eta guztira sei obra interpretatuko dituzte.
Emanaldiak bi zati izango ditu. Santiago Loperen Gerona pasodoblearekin hasiko dute lehenengo zatia, eta Giancarlo Gazzanik moldatutako Santana, eta Cahpi-ren Tambor de granaderos obertura ere joko dituzte.
Bigarren zatian, berriz, Kees Vlak-ek konposatutako Caribbean concerto obrarekin hasiko dira; obra honek, St. Eustatius, Saba eta St. Maarten zatiak izango ditu. Honen ondoren, Estremiana-k moldatutako Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kantu ezaguna joko dute, Astrainen La alegría de San Fermin (El Riau Riau) baltsarekin emanaldia amaitzeko.
Banden alardean
Larunbatean, berriz, hilaren 2an, Getarian ospatuko duten Banden Alardean parte hartuko du Tolosako Musika Bandak. Bertan izango dira, tolosarrekin batera, Elgoibarko eta Getariako musika bandak.