Batelen eta trainerillen denboraldia amaitu ondoren, traineruen txanda iritsi da. Getaria-Tolosako arraunlariak Gipuzkoako Traineruen Liga eta Euskotren Liga jokatuko dituzte ondorengo hilabeteetan. Aste buru batean bat, eta bestean hurrengoa.
Lehen estropada Gipuzkoako Ligari zegokiona izan zen, eta iragan larunbatean jokatu zen Pasaiako uretan. Bost traineru agertu ziren, eta hauetatik bat, Bizkaia, gonbidatu bezala joan zen. Lehian egongo den Hondarribia ez zen Pasaian egon, Sevillan aulki mugikorreko estropada baitzuen.
Getaria-Tolosa zen faboritoa eta hasieratik denborarik onenak markatzen hasi zen. Bertako arraunlariak, Amaia Doyaguek, erregulartasuna azpimarratu zuen: «Inork ez zuen pintxatu, eta denbora guztian aldea handituz joan ginen».
Gipuzkoako Traineruen Ligaren barruan zazpi estropada jokatuko dituzte guztira. Tolosa-Getariak talde sendoa osatu du aurtengoan ere, traineru denboraldiari aurre egiteko asmoz.
Amaia Doyagueren esanetan, erronka nagusiak bi izango dira: «Arraunlari berri batzuk sartu dira, baina joan direnak ere baditugu. Nire ustez maila mantentzea lortu dugu. Denboraldiari begira, bi erronka ikusten ditut: Zarauzko bandera eta Kontxakoa, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa albora utzi gabe. Helburua iazko maila mantentzea eta hobetzea dela esango nuke».
Sailkapena
Gipuzkoako Liga. Lehen estropada (Pasaia)
1. Getaria-Tolosa 11.15.80
2. San Juan 11.38.15
3. Zumaia 11.40.25
4. Bizkaia (gonbidatua) 11.51.06
5. Orio 12.11.05
Euskotren Liga asteburu honetan hasiko da
Euskotren Liga asteburu honetan hasiko da Galiziako uretan, larunbatean. Igandean berriz, Bilbon El Correo bandera jokatuko dute.
Euskotren Liga irabazteko lehian zazpi traineru ariko dira, bi multzotan banatuta. Talde bakoitzak hiru estropada jokatuko ditu, eta horiek jokatuta, multzoko lehen bi onenek final modukoa jokatuko dute Zarauzko III. Ikurrinaren barruan. Estropada hau bi jardunaldietara jokatzen dela kontuan hartuta, Euskotren Ligan guztira 8 estropada jokatuko dituzte. Azken lehia abuztuaren 14ean izango da.
Bi faborito argi
Azken urteetako ibilbideari jarraitzen baldin badiogu, bi talde nabarmendu behar dira: Getaria-Tolosa eta Galizia. Besteak beste, eskualdeko arraunlariz osatua dagoen taldeak, «maila mantentzea edo hobetzea» du helburu. Galiziarrei dagokienez, zaila da jakitea nola aurkitzen diren.
Tolosa-Getariako Amaia Doyague arraunlariaren esanetan, aurtengo denboraldian oraindik ez dituzte elkarren aurka indarrak neurtu traineruetan. Ondorioz, larunbat honetan Galiziako uretan gertatzen dena gertutik jarraitzeko asmoa azaldu du, Galiziako taldearen maila ezagutzen hasteko. Euren txanda igandean iritsiko da, B multzoko taldeek El Correo bandera jokatuko baitute Bilbon.
Euskotren Liga
Bi multzo
A taldea. Galizia, Orio eta Zumaia.
B taldea. Getaria-Tolosa, Bizkaia, Hondarribia eta San Juan.
Lehen estropadak
A taldea. Camargoko bandera. Maliañon uztailaren 2an, larunbatean, 18:00etan.
B taldea. El Correo bandera. Bilbon uztailaren 3an, igandean, 12:00etan.