Tolosa Apiriletik hona Emun enpresako kideak Tolosako hainbat kultur eragilerekin bildu dira Kultur Plana egin asmoz. Udalak egin zien eskaria orain hilabete batzuk, eta plan estrategikoa egiteko hiru taldeetan aritu dira kultur eragileak bilerak eta ekarpenak egiten, eta bestalde, udaleko kultur teknikari eta bestelako langileek ere eman dituzte beren iritziak. Bilera horietan guztietan egindako ekarpenak bilduta, Emun enpresako kideek atzo aurkeztu zituzten ondorio nagusiak.
Helburu nagusia «Tolosak bereak dituen sormena eta parte-hartzea indartu eta garatu» behar direla da, izan ere, herriak kultur arloan dituen bi ezaugarriak dira hauek; sortzaile asko daudela Tolosan, eta herritarren parte-hartzea handia dela. Horiek horrela, hau gauzatzeko lau estrategia aurkeztu zituzten.
Batetik, koordinazioa lantzearen beharra nabarmendu zuten. Bide honetan «kultur ehuna sendotu» behar dela argitu zuten. Era berean, heziketa aipatu zuten. Hau da, kultur ezagutza eta ohiturak barneratu behar direla ondorioztatu dute. «Eragileek balioak garatu behar direla, euskal kultura ezagutu eta baloratu behar direla, beste kulturen ezagutza zabaldu behar dela, eta kultura herritarrengana gerturatu behar dela azaldu digute», esan zuten.
Hirugarren estrategiatzat irudia aipatu zuten: «Sormena eta parte-hartzea zaindu behar dira, eta bide horretan, herritarrengana iristeko bide berriak ireki beharko lirateke, eragileen kultur eskaintzaren presentzia areagotu, eta herri sortzailearen eta parte-hartzailearen irudia zabaldu».
Azpiegituren atalari dagokionez, azken atala, kultur ekitaldiak «lau paretetatik atera», eta kalera atera behar direla ondorioztatu dute. «Azpiegiturak saneatu behar dira, eta behar berrietara egokitu, eta baita kultura kalera atera ere», azaldu zuten. Hau guztia kontuan hartuta 35 ekintza proposatu dizkio Emunek udalari, eta horietatik 6 aipatu zituzten hereneguneko aurkezpenean: Koordinazio gunea sortu behar da, azpiegiturak egokitu, transmititzen diren baloreak zaindu, programaziorako irizpideak zehaztu, komunikazio bide berriak landu, eskaintza bereziak egin (zine bonoak aipatu zituzten, zentzu honetan), eta sormena eta parte-hartzea indartzea eta garatzea.