San Joan egunean, Tolosako Udalak Doroteo Ziaurriz eta Antonio Maria labaien omenduko ditu. Ramon Labaien pizkunde garaiaz aritu da Hitzarekin.
San Joan egunean zure aita, Antonio Maria Labaieni, eta Doroteo Ziaurrizi omenaldia egingo diete. Zer egingo duzu egunean zehar?
Egia esan ez dakit oso ondo zer egin behar dudan. Salbaren bat nik botako dudala uste dut, eta egunean zehar ekitaldietan izango naiz, gainerako senideekin batera. Familiarentzat ohore handi bat da, eta uste dut Tolosarentzat ere hala dela. Nire aita eta Doroteo Ziaurriz, nire osaba handia zena, omentzen dituztenean, pizkundeko kideak omentzen dituzte. Pizkundea, nolabait, Tolosan sortu zen, duela urte askotako kontua da, baina gaur egun ere bizirik jarraitzen kontua da. Nik uste dut, etorkizunean ere Euskal Herriak beharko duen mugimendua dela, herri txikiok beti pizten aritu behar dugulako.
Zer zuen Tolosak eta Tolosaldeak, euskal pizkundea bezalako mugimendu bateko partaide asko eta asko bertako gizon-emakumeak izateko? Kulturaren gune al zen?
Ez dakit, mirari baten antzekoa da. Tolosa beti izan da kulturaren erdiguneetako bat, ez dakit zergatik, baina beti izan du berezitasun bat. Kontua da, objektiboki begiratuta, pizkundeko gehiengoa tolosarra zela, eta mugimenduko sustatzaile nagusiak tolosarrak zirela. Nolabait, pizkundearen mugimendu kulturala, pizkundearen mugimendu politikoa, ikastolak, eta hori guztia, Tolosan sortu ziren, eta garrantzia handiko mugimendua izan zen. Gerrarekin, noski, Francok zanpatu zuen, baina berpiztu zen, eta lanean ari den gaur egungo gazteria da horren lekuko. .
Aitzolen heriotzaren 75. urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte urtean zehar. Zer iruditu zaizkizu?
Niri oso ondo iruditzen zait ekitaldiak egitea, pizkundearen eta euskaltzaleen mugimenduaren bultzatzaile, eta esango nuke, sortzaile nagusia ere Aitzol izan zela. Sinbolo bat da, eta ikusi da Euskal Herriaren alde lan egitea arriskutsua dela, Aitzolek han bukatu baitzuen bere bizitza, Hernaniko hilerriko horman. Baina bere memoria hor dago, eta nik uste dut bere gogoa ere hor dagoela. .
Zer suposatu du zure bizitzan Antonio Maria Labaienen semea izateak?
Txiki-txikitatik abertzale mugimenduan sartuta egotea, besteak beste. Jada zaharra naiz, baina oraindik oroitzen naiz nire aita alkate zela, mugaren beste aldera alde egin genuela. Hamabost egunerako joan zen aita, eta hamar urtez egon zen iparraldean errefuxiatuta. Batez ere giro bat suposatzen du nire aitaren semea izateak; jendarte bat ere bai. Donibane Lohitzunen bizi ginenean, abertzale asko zeuden han, eta beti jende berezia etortzen zen etxera. Ni giro horretan hazitakoa naiz.
Pizkundeko partaideak ere gertutik ezagutu zenituen, beraz.
Bai, bai, asko ezagutu nituen, besteak beste Aitzol, eta egunotan aipatu ez den beste bat ere bai: Antonio Garmendia. Hau ere tolosarra zen, arkitektoa, eta pizkundearen lehenengo buruetako bat izan zen, mugimenduko lehenengo argazkietan erdi-erdian agertzen baita.
Zein balore jaso zenituen etxean, haurtzaro eta gaztaroan?
Egia esango dizut: alderdi balore gutxi eta nazioaren zentzu haundia. Guk txikitatik sinetsi izan dugu Euskal Herria nazio bat dela, euskal estatu batean sinetsi izan dugu alderdietan baino gehiago. Guk, txikiak ginenean, gure gudariak ikusi genituen, eusko gudarostea, Baionan. Guretzat euskal estatua txiki-txikitatik errealitate bat zen, eta Jose Antonio Agirre lehendakaria estatu buru bat zen, ez autonomia eta horrelako gauzetako burua. Txikitatik sinetsi izan dugu horretan, eta zaharrak gara aldatzeko ere; ondoren etorri diren belaunaldien gogo eta sinesmen horiek transmititu izanaren itxaropena dugu.
Zure aitak eta Doroteo Ziaurrizek harreman estua omen zuten. Nolakoa zen harreman hau?
Familiakoak ziren. Nire ama umezurtz geratu zen 17 urte zituela, eta Doroteoren etxean bizitzen jarri zen. Doroteo nire amaren izeba batekin ezkondua baitzegoen. Gerora, nire aitarekin etxe hartara ezkondu zen, eta noski, familiarteko harremana zuten. Ni neu Doroteo Ziaurrizen besoetakoa naiz, eta amaren aldeko aitona izan da niretzat.
Bai zure aita, bai Doroteo Ziaurriz, urte zailetan izan ziren alkate. Ziaurriz II. Errepublikako lehen alkatea izan zen Tolosan, eta zure aita, berriz, 36ko Gerra piztu zenean zen alkatea. Nola bizi izan zituzten une haiek?
Errepublika sortu zenean, era berean ilusio batzuk sortu ziren: estatutua lortuko zela, Lizarrako alkateen mugimendua, ... Itxaropen handia sortu zen. Gero Francoren matxinada sortu zenean, beste kontu bat izan zen. Horrelako jendearen bizitzan izugarrizko aldaketak gertatu ziren. Doroteo Ziaurriz, esaterako, medikua zen, baina 1936an, Euskadi Buru Batzarreko lehendakaria zen; berak antolatu zituen lehenengo eusko gudarosteko batailoiak. Benetako aldaketa jasan zuen, Tolosako medikua izatetik gerra antolatzera pasatu baitzen. Gure aita ere tropekin joan zen, Mutrikutik alde egin zuen, ahal bezala, iparraldera, eta aipatu bezala, hamar urtez bizi izan zen han. Beti lanean aritu izan ziren, beti abertzaletasunaren izaera babesten; eta nolabait, egia esan behar baldin bada, abertzaletasun hau eta Euskal Herriaren zentzua iparraldean sendotzen aritu ziren. Garai hartan iparraldea oso hila zegoen, eta gaur egun iparraldea zerbait baldin bada, hegoaldeko jendeari zor zaio. Oso ahaztua dagoen beste bat Don Bernardo da, Leaburuko apaiza. Sarara iritsi, eta egin zuen lehenengo gauza saratarrek osatutako euskal abesbatza bat sortzea izan zen. Hura mirari moduko bat izan zen Saran, ordurako zeharo frantsestua baitzegoen. Beraz, hemengoek iparraldean ere lanean jarraitu zuten. Egia esan, gu ez ginen ondo hartuak izan iparraldean, han gehienak xuriak baitziren, oso eskuindarrak. Haientzat gorriak ginen, eta zenbait apaizari meza emateko eskubidea ukatu zieten. Pixkanaka konturatu ziren nolako jendea ginen, eta gauzak aldatu ziren. Gaur egun jada, Euskal Herriaren zentzua sendotu dela uste dut.
Euskal Pizkundearen garaitik hona aurrerapausoak eman dira euskal munduan. Normalizazio bide horretan zein eginbehar dago zure ustez?
Asko dago egiteko. Guk arazo bat dugu, estaturik ez duen herri txiki bat garela; ez dugu, beraz, estatuak ematen duen babes hori. Bi estatu etsaien eskutan gaude, eta beti desagertzeko arriskuan. Gaur egun, hala ere, sekula baino sendoago gaudela uste dut, eta horrela jarraitu behar dela. Benetan poza ematen du ikusteak, belaunaldi gazteak nola saiatzen ari diren indarrak hartzen, eta abar. Tolosan bertan, gaur egun euskara txoko guztietan entzuten da, baina anekdota bat badut. Ixaka Lopez mendizabalek, pizkundeko partaidea zen gizon oso ikasiak, eguneroko moduko bat zuen. 1903an, bere liburuxkan bere lagunekin paseo bat eman zuela aipatzen du, eta Agintari kaletik Arrameleko San Joan txikira joan eta buelta egin zutela dio, Rondilla kaletik. Bera harritu egin zen, bizpahiru mutil kozkor euskaraz egiten entzun zituelako. Pentsa nola zegoen Tolosa XX. mendearen hasieran!
Gaur egun gazteek lanean jarraitzeko kontzientziarik badutela uste al duzu?
Nik baietz uste dut. Lan egiten dutenak beti gutxiengoa izaten dira, eta hori horrela da gaur, atzo eta bihar. Euskaltzaletasunaren alde lanean ari direnak gutxiengoa dira, eta meritu handia dute. Gutxiengo honek, ordea, itzal handia du gaur egun, eta jendeak lan hori errespetatu egiten du, mende hasieran ez bezala. Itzal handia duen gutxiengoa dira, eta horrela jarraitu behar dute, zoriontzeko moduko lana egiten baitute.