9.000 lagunek bisitatu dute Nazioarteko Lorategi Jaialdia

tolosa 2011ko ekainaren 20a

Duela hilabete inguru zabaldu zen Zumardiaundiko Nazioarteko Lorategi Jaialdia. Arduradunek zenbatutako datuen arabera, jada 9.000 lagunek bisitatu dute parkea. Arduradunak «oso gustura» daude eta emaitza «oso onak» direla baieztatu dute.

Tolosaldea Tourrek eskaintzen dituen bisita gidatuetan 400 lagunek parte hartu dutela ere adierazi dute antolatzaileek. Bertaratu direnen jatorria kontuan hartuz gero, gehienak Tolosa eta Tolosaldekoak izan direla azpimarratu dute; baina, Gipuzkoako nahiz Euskal Herriko beste probintzietatik ere etorri da jendea. Horrez gain, madrildar bisitariak, herrialde katalanetakoak eta frantsesak ere gehitu behar zaizkie.

Bisitariei lorategien inguruan galdetu dietenean, berriz, ia denek «baikorki» baloratu dute Zumardiaundiaren berritzea eta egitasmoa bera. Arduradunen arabera, «hilabete guztian zehar ez da gorabeherarik izan». Gainera, beraien iritziz «bisitari gehienek oso ongi ikusi dute txakur eta bizikletei sarrera eragoztearen neurria».

Amaitzeko, lau lanpostu berri sortu direla, Lorategi Jaialdia dela eta. Beraien lana, informatzea, bisita gidatuak zuzentzea, tabernako zerbitzua eskaintzea eta inguru berdeen zainketa egitea dira. Hau, Lanbidek, Tolosako Udalak eta Goroldi SLU-k lankidetzan, martxan jarritako programa baten barruan. Jaialdia hasi zenetik, bertaratzen direnek, lehiaketa batean parte hartu dezakete. Bertan, gehien gustatzen zaien lorategia bozkatzeko aukera dute. Oraindik ere, bertaratzen direnek bozkak ematen jarraitzen dute. Beraz, erabakitzeke dago, nork irabaziko duen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!