Iparraldeko eta Urola Kostako produktuekin osatuko dute etzi Azoka Berezia, Trianguloa plazan.
Iaz, Urola Kostako ekoizleak gonbidatu zituzten ekimenean parte hartzera. Halaber, 2010ean martxan jarritako egitasmoarekin jarraituz, helburua, gertuen dauden produktuak eta proiektuak bultzatzea da. Honela, Euskal Herriko eskualde ezberdinetako ekoizleek bisitatu ahal izango dute gure merkatua, eta bide batez, ezagutzera eman gure eskualdean, beraien produktuak. Aurtengo gonbidatu bereziak Iparraldeko ekoizleak dira. Hala, aipatzekoa da Andere Nahia emakume enpresarien elkartearen lankidetza. Izan ere, Iparraldeko ekoizleetako bi bertako kide dira, eta haiek eskainitako laguntzari esker, Tolosako azokan izango dira larunbatean.
25 ekoizle inguruk jarriko dituzte postuak Trianguloa plazan, eta era guztietako produktuak eskainiko dituzte: entsaladak, txerrikiak, barazkiak, txakolina, ogia, eztikiak, itsas kontserbak, gazta, baxerak, ahatekiak, euskal pastela…
Getariako produktuak
Salmenta postuekin batera, beste gune berezi bat ere izango da plazan. Itsaslur Gourmet Getaria elkarteko ekoizleak etorriko dira, beraien produktuek ezagutzera emateko. Horretarako, pintxo ezberdinak prestatuko dituzte, eta hauek dastatzeko aukera izango da. Hala, sei pintxoz osatutako menua eskainiko dute, pintxo bakoitza ekoizle bakoitzari lotuta egongo delarik.
Menua 6 eurotan salduko da, baina pintxoak banaka erosi nahi dituenak 1,20 euro ordainduaz izango du aukera.
Bestalde, elkartekideen produktuekin egindako otar bat zozketatuko da larunbateko azokan. Otar hau, 280 eurotan baloratua dago, eta egunean bertan zozketatuko da 14:00etan, aurrez, azoka gunean zein pintxoak salduko diren gunean erosi ahal izango dira zozketarako txartelak.
Egitaraua
Etzi, hilak 18
09:00etan. Goizean zehar Azoka Berezia.
09:00etan. Graffiti erakusketa, herrian zehar.
10:30ean. GiroArte dultzaina taldea kalez-kale.
19:00etan. Berdura plazan Sagardo Eguna, Batasuna Elkarteak antolatuta.
22:30ean. Saharako herriarekin elkartasun emanaldia, Plaza Berrian.
Etzi, hilak 19
09:00etan. Truke Eguna Zerkausian, Denbora Bankuko emakumeek antolatuta.
10:00etan. Xake Jokoa kultur etxean, Tolosako Xake Elkarteak antolatuta. XXXVIII. Nazioarteko Lehiaketa taldeka, XXXV. Enrique Pinedaren oroimenezkoa.
13:00etan. Hodei Truk abesbatzaren kontzertua Berdura plazan.