Solstizioa ospatuko dute naturan eta musika doinuekin

tolosa 2011ko ekainaren 16a

Beste urte  betez, eta hamabigarren aldiz, Et Incarnatus orkestrak udako solstizioa ospatzeko kontzertua eskainiko du Iraolako Zuloan.

Mendikuteren magalean dago leku hau, Tolosako Urkizu auzoan, eta belaze eta pagadiz inguratuta eskainiko dute kontzertua.

Antolatzaileek oinez edo autoz bertara iristeko bideak argitu nahi izan dituzte. Oinez joan nahi duenak, Urkizu auzora doazen bideak hartu beharko ditu: Soldadu kaletik edo San Esteban auzotik dute irteera. Behin Urkizura iritsita, Ernio mendira doan bidea hartu behar da, telekomunikazio antenaren oinarrira iritsi arte.

Kontzertura autoz joateko asmoa dutenek, berriz, Tolosan, Olarrain auzoan, Azpeitiara doan errepidea hartu beharko dute. Bide honen hasieran, eskuinean Urkizu auzorako bidegurutze bat dago, eta hemendik jarraitu beharko dute, ermita eta taberna dauden gunera iritsi arte. Hau atzean utzi, eta bertatik eskuinera ateratzen den porlanezko bigarren bidea hartu beharko dute, antenaren oinarria dagoen lekura iritsi arte. Antolatzaileek, dena den, autoa Urkizun bertan utzi eta oinez joatea gomendatzen dute. Kontzertu amaieran, bertaratuentzako mokadutxoak eta edaria izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!