Ikastaro guztietarako balioko duen bonoa izango da udako kirol eskaintzan

tolosa 2011ko ekainaren 14a

Aurkeztu dute jada, datorren udan Tolosan eskuragarri izango den kirol eskaintza. Lehenengo ikastaroak hilaren 27an hasiko dira, eta irailaren 24an amaituko da udako kanpaina.

Heldu nahiz gaztetxoentzako ikastaroak ohikoak izango dira, baina aurtengo udarako hainbat berrikuntza aurkeztu dituzte Usabal kiroldegiko arduradunek; besteak beste, dike-triala egiteko aukera izango da aurten.

Adin guztietarako kirola

Haurrentzako kirol eskaintza proposatzeko, bi irizpide nagusi jarraitu dituzte ; alde batetik, Usabal kiroldegian bertan burutzeko ekintzak antolatu dituzte, baina bestalde, naturarekin kontaktua sortzeko kirolak ere eskuragarri izango dituzte gaztetxoenek.

Horrela beraz, 3 eta 14 urte bitarteko haurrek honako kirol aktibitateetan izena eman ahal izango dute: igeriketa, cycling-a, fama dance, eskalada, futbol stage-a, kirol ludoteka. basket stage-a, arrauna, jolas blai, tenisa, piraguismoa, hipika eta pilota. Futbol eskola laugarren urtez jarraian antolatu dute, eta aurreko urteetako arrakasta izango duela espero dute. Hala ere, «gaztetxoak, futbolaz gain, beste kirol batzuk egitera ere bultzatu nahi ditugu», diote antolatzaileek. Horrela, saskibaloi eskola ere antolatu dute; Lagun Aro GBCko jokalaria den Lander Lasa tolosarra izango da irakaslea. Bide beretik, kirol ludotekak ere arrakasta izan du aurreko urteetan, eta kirol asko praktikatzeko aukera ematen die gazteenei. Azkenik, aipatzekoa aurtengo dantza eskola astelehenetik ostiralera izango dela, eta berrikuntza ugari eskainiko dituela: koreografiak, lipdub-ak egitea, euskal dantza, salsa, eta abar.

Helduek ere, izango dute kirola egiteko aukera uda honetan; « iazko udako kanpainan 900 bat lagunek parte hartu zuten, baina helduen parte-hartzea sustatu nahi dugu», diote Usabal kiroldegiko arduradunek. Hau dela eta, ikastaro guztietan parte hartzeko bonoa eskuragarri jarri dute, aurten, lehenengoz. Bono honekin, antolatzaileek «erabiltzailea ordutegi zehatz batera ez lotu beharra» lortu nahi dute; udan, jendeak beste dinamika bat izaten duela diote, eta «erraztasunak» eman nahi dituztela, kirol eskaintzaz gozatu ahal izateko.

Helduentzako kirol ikastaroak ondorengoak izango dira: aquagym, aerobic-a, pilates, GAP, igeriketa, cycling-a, eskalada, ìraguismoa, hipika eta entrenamentu pertsonala. Ikastaroetarako bono berriarekin, edozein ikastarotara joateko aukera izango da, edozein ordutan; salbuespenak piraguismoa, hipika eta entrenamendu pertsonala izango dira.

Aipaturiko ikastaro gehienak Usabal kiroldegiko instalazioetan burutuko dituzte, baina piraguismoa eta arrauna Zerkausian izango dira, eta hipika zezen-plazan egingo dute; era berean, teniseko ikastaroa Berazubiko estadioan izango da.

Ikastaroen prezioak kiroldegian bertan edo www.usabalkiroldegia.com webgunean ikus daitezke.

Igerilekuan literatura

Aurtengo udan ere, Usabalgo kanpoko igerilekuan liburutegi zerbitzua jarriko dute. Bertan, liburuak maileguan hartzeaz gain, udal liburutegiko bazkide egiteko aukera eskainiko dute. Gainera, doako wifi zerbitzua ere izango da. Astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, 15:00etatik 19:00etara. 楳

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!