Antzerki tailerrekoek ‘Criaturas’ lana antzeztuko dute etzi Leidorren

Ataria 2011ko ekainaren 15a

Kultur Etxeko antzerki tailerrean 22 lagunek hartu dute parte aurtengo ikasturtean, eta horietatik 20 oholtza gainera igoko dira etzi. Ikuskizuna Leidor aretoan izango da, 20:30ean.

Criaturas lana 1998. urtean T de teatre kataluniar taldeak sortu zuen trilogiaren gailurra da. Bertan gaztetxoek hartzen dute parte. Antzezlan hau, baina, ez da pedagogiari buruzko irakasgai bat, ez eta haurtzarora eramango gaituen nostalgiaz beteriko lana.

Criaturas noizbait haur izan den ororentzako zuzendua dago. Honela azaldu dute tailerrekoek: «Gazteen heziketa faltaren arduradun irakasleak edota gobernuak jotzen ditugu, eta gurasoen ardura direla gazte horiek ahazten zaigu». «Interneten murgilduta igarotzen dituzte orduak, gurasoen jarrerak ikusten dituzte, euren ardura eta desiren inguruan gogoeta egiten dute… azken batean, gurasoen moduan, beraiek ere pertsonak dira».

Asvineneari eskerrak

Antzerki tailerraren bigarren emanaldia izango da ostiralekoa. Aurez, tailerreko Tictac taldeak Asvineneak antolatzen duen bosgarren poltsiko lehiaketan hartu du parte. 27 talde aurkeztu dira guztira bertan, eta antzerki tailerrekoek ikusleen saria jaso berri dute.

Maitetasuna izeneko antzezlanarekin aurkeztu dira lehiaketara. Tolosako antzerki tailerretik «Asvinenearen babesa eskertu»  nahi izan dute, «horrelako ekimenak antolatzea azpimarratzen dugu, era guztietako jendeak har baitezake parte bertan… Eskerrik asko!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!