Eguerdiko 12:00etan izan da alkatetza aldaketa egiteko osoko bilkura. 9 boza lortuta, Ibai Iriarte, Bilduko zerrendaburua, Tolosako alkatea izango da datozen lau urteotan.
Batzar aretoa bete-betea zegoen, herritar asko joan baitira izendapen berria zuzenean jarraitzera. Adineko mahaia osatu eta hautetsien nortasuna egiaztatu ondoren, zinegotzi bakoitzak bere bozka eman du. Aralarreko Iñaki Irazabalbeitiak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuen bezala, Bilduri eman dio bozka, eta beraz, Iriarte alkate izendatu dute, udaletxeko batzar aretoan txalo zaparrada sortzearekin batera.
Jarraian, Jokin Bildarratz alkate ohiak aginte-makila hartu, eta Ibai Iriarteri eman dio. Tolosaren ongizatearen alde lanean jarraituko dutela nabarmendu du.
Ibai Iriarte, Etxerat-eko zapia hartuta, alkatearen eserlekuan jarri da, eta bere lehen diskurtsoa eman du:
Lehenik eta behin, eguerdion eta mila esker gaur hemen, udal areto honetan bildu zareten guztioi. Asko ezagunak, beste asko ez, denak tolosarrak eta herri honetako zati. Zuek izan zarete aukeratu gaituzuenak, zuei esker gaude gaur gu guztiok hemen, zuei zor dizuegu hemendik aurrerako lan guztia. Beraz, mila esker eskaini diguzuen konfiantzagatik.
Hasteko, udalbatza osatzen duzuenongana gerturatu nahi dut:
Iñaki (Aralar), eskerrak eman zuen babesarengatik, ezker abertzale zabalak gau udalbatza lortu eta gobernu egonkor bat posible egiteagatik.
Jokin (EAJ-PNV), zuri, probatuan ere esan dizudan moduan, euri asko egin, egin duela azken urteetan, baina abertzaleok bidean, askatasunerako bidean elkar ikusiko garela. Ziur nago.
Jose Ignacio (PSE-EE), elkarbizitzaren lanketan denok gara beharrezko eta normalizazioaren bidean denok gara, zuek eta gu, ezinbesteko.
Eta zer esan zuei, Bilduko lagun eta kideei... Handiak zaretela, eta erronka handia izan arren orain arte egin dugun bezala jarraitu behar dugula, irribarrea ahoan lanerako gogoz.
Herri zaharra da gurea, egur sendoko enborra gara, udaberria gogoz itxaroten ari den lorea. Herri zaharra izan arren, garai berrietara gogoz eta indarrez begiratzen duen herria gara, Tolosarrak gara.
Negu luzea bizitako herria, sufritu eta gehiegi pairatutakoak gara. Gaur, gogora datozkit gure aiton-amonak, 36ko garai haietan beren herriaren alde, beren sineskera eta duintasuna oinarri, bizia eman edo 40 urte luzeko negu gogorra pairatu zutenak.
Hoy me acuerdo del attona, amona, me acuerdo de su dignidad, me acuerdo de sus batallitas y de cómo nos inculcaron que la lucha nos hace persona, que la libertad no venía del cielo, de la importancia de luchar por lo que creíamos, de pensar, de sentir. Que rico era el que sentía, más que el que tenía. De tantas cosas, que nos han hecho lo que somos.
Haien ondorenak, haien bilobak gara. Gero, euskararen, euskal kulturaren alde lanean isilean, bigarren suspertze horren alde, herri bat martxan, behetik gora jarri zuten horien seme-alabak. Osaba Juanitoz ere ezin ahaztu.
Garai berriak, belaunaldi berriak gazteon garaia ere badelako oraingoa, lanerako gogoz gatoz.
Gogora datozkit bidean gelditu zaizkigun lagunak, gaur hemen ez daudenak, urrunean ditugunak. Sufrimendu guzti horri amaiera emateko gogoa eta determinazio osoa dugu, ez ditugulako familia hautsi gehiago nahi, ez dugulako alferrikako malko gehiago lurreratzea nahi.
Ekonomiaren arloan ere garai latzak ditugu gainean. Zer esanik ez, guk sortu ez dugun krisia ordainarazi nahi digutenean. Zer esanik ez, langile izateaz gain, gazte, emakume, etorkin direnentzat. Garai gogorrak pairatzen ari diren familia asko ditugu inguruan, dirua erlijio bilakatu den garai hauetan inongo diru-sarrerarik ez dutenak. Horiek, behartuenak, gertu izan nahi ditugu, gutxiengo eskubideak, bizitzaren oinarrian kokatu behar direlako.
Hala ere, garai gogor hauek iragan izateko lan egin nahi dugu, udaberri gozo bat bizitzeko aukerak irekitzen ari zaizkigu eta. Laino beltz ugari ditugu zeru gainean, eta oraindik haize ufada bortitzak jotzen gaituzte tarteka. Politikoki zein ekonomikoki garai aldaketa batean kokatu arren, udaberriko eguzki gozoak oraindik ez du nahikoa indarrik hartu.
Guk horretan lagundu nahi dugu, eguzki horri indarra ematen, laino beltz horiek lurrintzen joan daitezen. Udal langileak, hor izango ditugula ez dut inongo dudarik, beraien profesionaltasuna azpimarratu nahiko nuke, eta beraien laguntza ere eskatu.
Horretarako Tolosa beste modu batean egiteko garaian dela diogu, modu garden parte-hartzaile batean, herriarekin eta herriarentzat. Orain arte ondo egin diren gauza asko eta askori segida emanez, beste batzuk hobetzen, denon artean eraikitzen.
Hori guztia egiteko, zuei, zuei dagokit konpromiso bat eskatzea: zuek gabe ezer ez gara, hemen denok gara beharrezko denon artean bidea egiteko, denok egon behar dugu. Horregatik, parte-hartzea logotipo batera mugatu ezin daitekeelako zuen, herritarren inplikazioa, partaidetza, nahitaezkoa da. Denok dugu zer esan, zer ikasi eta zer irakatsi. Norbera berean, norbera gustuko duen esparruan, denon artean Tolosa berri bat eginez, Tolosa herritar eta bizi bat.
Desberdinen artean bidea eginez, denon artean elkar hartuz, denon iritziak kontuan hartuz. Ohitura berriak indartuz, garai berriei ilusioz eutsiz. Gaur ibilbidearen lehen pausoa ematen ari gara, ibilbide luze honetan joan gaitezen denok eskutik, Tolosa udaberri berri honen ateetan indar biziz loratu dadin.
Ibai Iriarte
Tolosako alkatea
2011-6-11
Ekitaldia amaitu ondoren, udaletxe aurreko Plaza Zaharrean bildu diren herritar ugarik txalo artean hartu dute Ibai Iriarte, alkate berria.