Bedaiotar ugarik parte hartu dute Harri Jaian

tolosa 2011ko ekainaren 9a

Kultur Asteburuari hasiera eman zioten atzo bedaiotarrek Harri Jaiarekin. Herritar ugarik parte hartu zuten antolatutako ekitaldietan. Mezarekin hasi zituzten ekitaldiak, baina aurretik prozesioa egin zuten elizari itzulia emanez. Eliza nahiko beteta izan zen eta, ohitura denez, mezaren bukaeran bertsolariek hartu zuten parte, eta hiruna bertso bota zituzten, Harri Jaiaren inguruan.

Mezaren ondoren, hamaiketakoa hartu zuten bedaiotarrek Abaetxen. Taberna-jatetxearen kanpoan jarri duten garai bateko argazki erakusketa hizpide izan da hamaiketakoa hartu dutenen artean. Mokadutxoen artean, bertsolariak eta trikitilariak aritu ziren. Mañukorta eta Zeberio urte askotan izan dira Harri Jaian, Bedaion. Trikitixarekin Xabier Agirre eta panderoarekin Iñaki Amundarain amezketarrak aritu ziren.

Bazkariaren txanda iritsi zen gero. 60 lagun inguru elkartu ziren Artubi elkartean. Bertsoak eta trikiti piezak ez ziren falta hor ere. Gauean, afarian, Harri Jaian antolaketa lanetan aritzen direnak eta bedaiotar gazteak bildu ohi dira. Kultur Asteburuari jarraipena bihar emango diote. Abaetxeko lorategietan dagoen haur parkea inauguratuko dute. Aurretik kontzertu bat emango dute Tolosako Musika Eskolako ikasleek, 18:30ean.

Harri Festa Aldaban

Astelehenean Aldaban San Antonio eguna ospatuko dute, Harri Festa bezala ere ezagutzen dena. Ahozko tradizioak hala jaso omen du: urte batean San Antonio Eguna ospatu ez eta ikaragarrizko harri jasa bota zuen, uzta guztia galduz. Orduz gero, urtero ekainaren 13an festa egiten da Aldaban. 11:00etan meza egingo dute eta ondoren hamaiketakoa. Gauean auzo afaria egingo dute Intxur elkartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!