Tolosaldea Garatzen-ek eta Eusko Jaurlaritzaren ingurumen kudeaketarako Ihobe sozietate publikoak, hondakinen kudeaketari buruzko ikastaro espezializatuak antolatu dituzte enpresentzat, Tolosan.
Ihobek, Tolosaldea Garatzen-ekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei ezagutza transmititzeko prozesu bat hasi du, 2010-2014 Ekoefizientzia Programa deiturapean.
Bide honetan, ezagutzaren transmisio hau lan-tailerren bidez egingo dute, eta tailer hauetariko batzuk Tolosan ospatuko dituzte, ekainaren 14an hasi, eta uztailaren 5a bitarte, aipaturiko hondakin kudeaketaren ikastaroan.
Lau eguneko ikastaroa
Ikastaroa ekainaren 14an hasiko da, hondakin ez arriskutsuen kudeaketarekin; egungo hondakin ez arriskutsuak zein diren landuko dute, eta baita hauek nola kudeatu behar diren ere.
Ekainaren 21ean eta 28an, eta uztailaren 5ean, berriz, hondakin arriskutsuen kudeaketa izango du hizpide ikastaroak. Lehenengo saioan sektore bakoitzeko hondakin arriskutsuen identifikazioa eta hauek etiketatzeko metodologia jorratuko dituzte. Ekainaren 28ko saioan, berriz, hondakinak identifikatu ondoren hauek barruan eta kanpoan nola kudeatu behar diren irakatsiko diete bertaratuei. Azkenik, uztailaren 5eko azken saioan, enpresa hondakin arriskutsuen ekoizle txiki moduan nola erregistratu behar den azalduko dute.
Saio bakoitza bi ordukoa izango da, 09:30ean hasi eta 11:30ak bitarte, eta Tolosaldea institutuan izango da ikastaroa.
Izena aurretik eman beharra
Izen-emateari dagokionez, aurretik egin beharko da, antolatzaileei entzule kopurua zein izango den jakitea komeni baitzaie.
Horretarako, eta informazio gehigarria eskuratzeko, 943 65 45 01 telefonora dei daiteke, eta baita enpresa@tolosaldea.net helbidera idatzi ere. Era berean, San Estebanen dagoen Tolosaldea Garatzen-era ere joan daiteke.