Asteburu honetan, eta hirugarren urtez jarraian, Bisiguaren Festa ospatuko da Tolosako Zerkausian. Tolosako Txinparta elkarteak antolatuta, eta Tolosa Gourmet eta Orio estilora ekimenekin elkarlanean, parrileroek 325 bisigu prestatuko dituzte.
Tolosa eta Orioren arteko elkarturke gastronomikoa orain dela bizpahiru urte hasi zen, eta ekainaren 11 eta 12ko Bisiguaren festa honetan, Orioko hiru jatetxetako parrileroak izango dira lanean. Joxe Mari jatetxetik Mikel Manterola etorriko da; bere aitonak sortu zuen jatetxea, eta bi belaunaldiren ondoren, berak hartu du orain, herriko plazan duten jatetxea.
Joxe Miguel Zendoia, berriz, Katxiña erretegitik etorriko da Tolosara. 1979az geroztik ari da lanean Orioko San Martin inguruan duten jatetxean.
Azkenik, Luis Mari Uranga etorriko da 1963an ireki zuten Xixario jatetxeko ordezkari moduan.
Menuari dagokionez, 45 euroko prezioa izango du, eta ondorengoa dastatu ahal izango da: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrilan eta bixigoxo postrea. Hau guztia, ardoak, urak eta kafeak lagunduko dute. Bazkariak larunbatean eta igandean izango dira, 14:00etatik 15:00etara bitarte hasita, eta igandean afaria ere zerbitzatuko dute, 20:30etik 22:00etara bitarte. Erreserbak egin daitezke oraindik, 943 69 74 13 telefonoan, edo tour@tolosaldea.net helbidera idatzita.
Aipatzekoa da, Galiziar folklorea eta Tolosako Alardea ere izango direla asteburuan.