Datorren astean Kultur Asteburua antolatu du Artubi elkarteak. Harri Jaia egunarekin hasiko dira aurten ekitaldiak, hilaren 9an. Harri Jaia dute bedaiotarrek estima handiz jaso duten ohitura zaharrenetako bat. Ez dakigu noiz duen egun berezi horrek bere sorrera, baina urtero Igokunde egunaren hurrengo ostegunean ospatzen da.
Gaur egun bezala, iraganean ere, eguraldiaren eraginez izaten ziren hainbat egoera triste. Baserrietan uzta bizi iturri garrantzitsuenetako bat zenean eta harri erauntsi batek jatekorik gabe utzi edota baserriko teilatuak eta belardiak erabat kalteturik gelditu ziren garai haietan, estualdi asko pasarazten zituen eguraldiak. Erlijioak, jendearen bizimoduan eragin handia zuen, eta gehiago une lazgarrietan.
Bedaion, Harri Jaia dugu eguraldiak eta erlijioak jendearen bizimoduan zuten lotura estuaren adierazle. Bertako adinekoek diotenez, zenbait urtez jarraian egun berean gertatu omen zen harri erauntsia, kaltea berarekin zekarrelarik. Egun hori izendatu zuten, horrelakorik berriro gerta ez zedin, Jaungoikoari eskaria egiteko eguna, meza eta prozesioa zirelarik eguneko ekitaldi garrantzitsuenak. Ondoren bedaiotarrek jai giroan ematen zuten eguna.
Haur parkearen inaugurazioa
Hilaren 11n, larunbatean, musikak ere izango du bere tartea asteburu kulturalean. Tolosako musika eskolako ikasleak bertaratuko dira Bedaiora. Klarinete eta akordeoi taldeak ariko dira, eta beraiekin batera kantatzeko aukera izango da. Emanaldia, 18:30ean, Abaetxe jatetxeko lorategietan izango da.
Ekitaldi honen bigarren zatian, estreinakoz, Jon Beldarrain bedaiotarrak Bedaiori eginiko bertsoak eskainiko dira. Bertso horiek herriari eta bedaiotarrei omenaldi gisa eginikoak dira, bere deskribapena, ohiturak eta auzolanak azaltzen dituelarik. Bertako gazteek, biolina eta dultzainaz lagundurik, osaturiko koru txikiak izango du protagonismoa. Bertso hauek ere guztien artean kantatu ahalko dira.
Egunari amaiera emateko, hainbeste urtetan eskaturiko jolas parke berriari irekiera emango zaio. Haurrek segurtasun handiagoarekin jolasteko aukera izango dute, eta honela, Abaetxe jatetxeak dituen lorategiak herriratu egingo dira. Musikarekin bat, arratsaldean ere, garai bateko eta oraingo argazkien erakusketa izango da, Bedaioko bizitza erakusten duten argazkiak.
Mendi eta BTT Martxa
Kultur Asteburuari amaiera emateko, igandean, hilak 12, kirolari emango zaio lekua eta azkeneko urtetan bezala mendi eta BTT martxa burutuko dira. Oinezkoen bideak berdin jarraitzen badu ere, bizikleta martxa aurten, parte-hartzaileek hala eskatuta, luzatu egin da eta ia 40 kilometro izango ditu. Irteera Bedaiotik egingo da, Abaetxeko parketik. Oinezkoak goizeko 07:30ean izango dute irteera eta 08:30ean txirrindulariek.
Izen emateko bide desberdinak eskaintzen dituzte Artubi kultur elkartekoek: www.bedaio.com helbidean; mendimartxa@bedaio.com edo 620 199 166 telefono zenbakian. Izena ematea irteera baino ordu erdi lehenago itxiko da eta 10 euroko balioa izango du parte-hartzeak. Ondoren laguntzaile desberdinek eskainitako kirol materialak eta bertako produktuak zozketatuko dira parte-hartzaileen artean.