Babarrunaren ekoizpenean belaunaldi berriak aritzea bultzatu nahi du udalak

tolosa 2011ko ekainaren 2a

21 lagun lan merkatuan sartzeko helburu nagusiarekin, Tolosako Udalak Babarrungileak ikusmugak ereiten proiektua aurkeztu die, Lanbideko administrazio kontseiluari.

Lanbideko ordezkariek bertatik bertara ezagutu ahal izan dute Tolosako Udalaren egitasmoa. Horretarako, batzar aretoan bilduta egon eta gero, Bedaiora joan dira, proiektua praktikoki bertan gauzatuko baita .

Babarrungileak ikusmugak ereiten izeneko proiektu honek, Tolosa 2015en helburu bertsua du: «Tolosa Euskal Herrian erreferente izatea, herri dinamiko moduan». Era berean, tradizioa eta modernitatea uztartu nahi dituzte, jasangarritasuna kontuan izanik.Horrela beraz, formakuntzaren bidez lanpostuak sortzea edo babarrunaren eskari handiari ideia berritzaileekin erantzutea bezalakoak lortzeko bidea da egitasmoa.

Helburu zehatzei dagokienez, udalak aurkeztu berri duen proiektu hau, epe luzerako eta tokiko garapenerako proiektu integrala izatea da jomugetako bat. Bestalde, 18 urtetik gorako gazteak lan munduan sartu, eta belaunaldi aldaketa honen bidez, lehenengo sektorea bultzatu nahi dute. Azkenik, babarrunaren ekoizpenari lotutako enpresa egitasmoak (kooperatibak, elkarteak, eta abar) eta nekazaritza, abeltzantza, gastronomia, turismoa eta ingurugiroko sektoreen arteko sinergiak sortzea ere ahalbidetu nahi dituzte egitasmoarekin.

Hiru fasetako programa

Lehenik eta behin, proiektua jendartea hedatzea izango da egin beharreko lana, antolatzaileen arabera. Parte hartu nahi dutenek, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: 18 urte baino gehiago izatea, langabezian egotea, diru sarrerak bermatzeko errentarik ez jasotzea eta ahal bada Tolosan bizitzea.

Bigarren fasean, nekazaritzarako gaitasun profesionalak lortzeko tailer eta mintegiak martxan jarriko dituzte tutoreek.

Azkenik, landaketak egiteaz gain, ondare naturala berreskuratzeko eta nekazal esplotazioko enpresak sortzeko prestakuntza tailerrak antolatuko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!