"Gaur, hemen, Bilduren izenean tolosarrei gure eskerrik beroenak emateko elkartu gara. Gure eskerrik beroenak, kuttunenak, goxoenak, Bilduri bozka eman diozuen 3.806 herritarrei, gure eskerrik beroenak laguntza eman diguzuen herritar guztiei, bai herri programaren lanketan, bai propagandan, bai zabalkundean, bai bideoa egiten, bai buzonadan zein 22ko egun luze eta ahaztezinean lanean lagundu zeniguten guztiei.
Garaipen hau, zuek guztien laguntzari esker izan da, hautetsiok herritarrik gabe ezer ez garelako. Tolosak irabazi du, auzolanean lan egin dugulako. Eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere lanean. Zuen konfidantza eta erakutsi duzuen aldaketarako nahia eskertu nahi dugu. Horregatik, lehenik eta behin, zorionak herritar guztioi.
Herriak eman digun ardura gogoz eta apaltasunez hartzeko borondate osoa agertu nahi dugu Bilduko hautetsiok. Indar bozkatuena izanda, udala gidatzeko gogotsu gaude, alkatetza eskuratzeko prest, eta horren bila joango gara ekainaren 11tik aurrera, Tolosak hala eskatu digulako.
Hainbat izan dira egun hauetan, euren kezkak eta galderak azalduz gerturatu zaizkigun herritarrak. Zentzu horretan, argitu nahi dugu, udal hauteskundeetara aurkeztu diren gainerako alderdi politikoekin harremanetan gaudela. Hainbat bilkura egin ditugu eta bertan, gure asmoen berri eman diegu. Datozen egunotan ere harremanetan jarraituko dugu, eta udalbatza osatuko duten alderdiei, herri programaren gaineko akordio proposamena aurkeztuko diegu, baita adostasunetara iristeko gure asmoa agertu ere.
Desberdinen artean bidea egiteko garaia da. Horregatik, Tolosako Bilduk, herritarrei aurkezturiko herri programa oinarri hartuta, akordiorako proposamena aurkeztuko die alderdiei zein herritarrei eurei:
Ondorengoak dira akordio proposamenaren lerro nagusiak:
-Euskal Herriaren normalizazio politikoaren bidean, Gernikako Akordioa gidalerro, Tolosako herria bizikidetzan garatzea.
-Gardentasuna eta demokrazia parte hartzailea oinarri izango dituen udala.
-Lur zoruaren erabilera zuhurra bultzatzea etxebizitza politikan.
-Etorkizunari begirako hitzarmen sozioekonomikoa lantzen hastea hainbat eragilerekin.
-Gizarte zerbitzuen publikotasuna eskatu eta horren alde lan egitea.
-Euskararen normalizazioa garatzeko Tolosako herria UEMAn sartzea.
-Parekidetasuna errealitate bilakatzeko helburuz, politika feminista zeharlerrotasunean txertatzea udal egituran.
Akordio proposamen honen gaineko balizko adostasun eta ez adostasunak publiko egiteko konpromezua hartzen dugu.
Abiatu besterik egin ez dugun bide luzea dugu aurretik. Bilduko hautetsiok Tolosako udala gidatzeko gogotsu gaude, alkatetza eskuratzeko prest, eta horretarako denon arteko elkarlana beharrezkoa izango da. Guztion artean eraiki nahi baitugu Tolosa. Herritarrek aukeratu gaituzte eta herriari zor diogu gure lana.
Mila esker!"