Tolosan Ibai Iriarteren eta Jokin Bildarratzen artean dago lehia

Ataria 2011ko ekainaren 1a

Tolosan Bilduk zortzi hautetsi lortu zituen hauteskundeetan; EAJk zazpi; PSE-EEk bat eta Aralarrek beste bat. Alkate izateko aukerak ondorioz, Ibai Iriartek (Bildu) eta Jokin Bildarratzek (EAJ) dituzte. Giltza ordea, PSE-EE eta Aralarreko ordezkariek dute. Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariak lau zerrendaburuekin hitz egin du, eta oraindik dena erabakitzear dagoela esan daiteke. Jokin Bildarratzek bere aldetik, ezer esan aurretik itxarotea nahiago duela azaldu du.

Ibai Iriarte-Bilduren alkategaia

«Gure asmoa alkatetza eskuratzea da»

Bilduko ordezkariek atzo prentsaurrekoa eman behar zuten. Alde batetik, herritarrei eskerrak emateko eta bestetik, ondorengo lau urtetako ildo nagusiak zein izango diren azaltzeko. Aurrez ordea, Iriartek alkatetzaren inguruko galderei erantzun zien.

Alkatetza ez dago seguru oraindik, ezta?

EAJrekin eta Aralarrekin lehengo astean elkartu ginen. Bilera horien helburua, lehenik, elkar ezagutzea izan zen. Ondoren, hauteskundeen inguruan hausnarketa egiteko eta aurrera begirako jarrerak ikusteko ere balio izan zuten. Azkenik, bigarren bilera bat egiteko gelditu ginen.

Badirudi giltza Aralarrek duela. Zer esan dizue zuei?

Hitz egiteko prest zeudela esan ziguten; programaren inguruan zehaztasun batera iritsi nahi zutela. Hori aintzat hartuta, txosten programatiko bat egin dugu, lau urteei begirako ildo nagusiak hartuko dituena. Horren inguruan hasi nahi dugu lanean, baina oraindik ez daukagu ezer itxita inorekin.

EAJrekin hitz egitean, zerrenda bozkatuena errespetatuko zutela esan al zuten?

Ez. Horren inguruan ez zuten ezer esan. Hala eta guztiz ere, guk argi utzi genuen, gure asmoa zerrenda bozkatuena izatean alkatetza eskuratzea zela; beraiek ez ziguten argitu hori errespetatzeko prest dauden edo ez.

Berriz elkartzen zaretenean erabakiko al da dena?

Guk beraiei gure udal programa edo txosten programatikoa mahai gainean jarriko diegu; gero aztertzeko denbora bat emango diegu, eta horren gainean adostasun batetara iritsi nahiko genuke.

Denak Aralarri begira daudela dirudi.

Ez dut uste. Herriak argi eta garbi hitz egin du, eta aldaketa garaia dela esan du. Gernikako akordioa sinatu zuten eragile eta alderdiek gehiengo absolutua lortu zuten Tolosan. EAJk inoiz baino bozka gehiago atera ditu, baina guk beraiek baino 200 gehiago ditugu; honekin zera esan nahi dut, konputu politikoak baino, herriak hitz egin duela, eta aldaketaren alde bozkatu duela.

Irazabalbeitiak (Aralar) EAJ babestuko balu?

Udal programak alderatzen baditugu, Aralarrena eta gurea dira elkarrengandik gertuen daudenak. EAJ babestuko balu, PSE-EErekin batera, orain arte esandako guztia ezerezean geldituko litzateke. Egin diren bi mahai inguru publikoetan, adibidez, osasun publikoaren eta euskararen ingurukoetan, Aralarrek eta Bilduk jarrera berdina mantendu dugu, ez ordea, EAJk. Nahi duenari eman diezaioke bozka, noski, baina neurri handi batean bizkarra emango lioke Aralar bozkatu dutenei.

Iñaki Irazabalbeitia-Aralarren hautetsia

«Gipuzkoa mailako negoziazioa ere hor dago»

Telefonoa hartu orduko, «nobedaderik ez dago, eta hortik ez naiz aterako» esan du Irazabalbeitiak.   Hala eta guztiz ere, galderak erantzuteko borondatea azaldu du.

Noiz egin dituzue bilera horiek?

Informazio hori ez dut emango. Hizketan gabiltzan alderdien arteko kontua da hori, oraingoz.

Baina norekin egin dituzue, Bildurekin bakarrik ala EAJrekin ere bai.

Bilera formal eta informalak egin ditugu; alkatetzara iritsi daitezkeen indarrekin.

Bilduren alde, EAJren alde edo abstentzioa da zuen aukera.

Ez dugu horren inguruko erabakirik hartu.

Kanpainan zehar ezkerreko alderdi bezala aurkeztu zarete, pentsa liteke Bildutik gertuago zaudetela EAJtik baino, ezta?

No comment.

Noizko hartuko duzue erabakia?

Izaten ari garen elkarrizketak ondorio batera iristen direnean, eta oraindik ez gara iritsi.

Zer baloratuko duzue?

Hori lehendik ere esana daukagu; lau urte hauetako egitasmoa zein izango den, eta hori gauzatzeko zein baliabide eta zein modu aurreikusten diren.

Batzorderen bat eskatuko al duzue?

Hori ez dago erabakita, eta gainera, beste gauza bat ere kontuan hartu behar da; Gipuzkoa mailako negoziazioa ere hor dagoela.

Gipuzkoa mailako erabakiak Tolosan edukiko al du eragina?

Normalean beste mailako akordio globalak egiten direnean, ondorioak izaten dituzte gainontzeko akordioetan. Oraindik 11 egun falta dira, eta 11 egunetan gauza askori buruz hitz egin liteke, eta erabaki asko hartu edo ez hartu. Momentu honetan hizketan ari gara, eta erabakirik ez dago hartuta ez zentzu batean eta ez bestean.

Gertu al dago erabakia?

Momentuz ez dago mahaiaren gainean ezer konkreturik jarrita.

Hauteskunde hauetan herritarrek zer bozkatu dute, alkatetzan jarraipena egotea ala berria jartzea?

Bietara interpretatu daitezke gauzak; boto gutxien atera duenak ere aurrekoetan baina dezente boto gehiago atera baititu. Orduan, ez dakit. Hori botoa ematen duenari galdetu beharko zaio, gu ez gaude interpretatzeko norberak botoa ematen duenean zein arrazoi erabiltzen duen botoa bati edo besteari emateko.

Jose Ignazio Asensio-PSE-EEren hautetsia

«Bildu ez dugu babestuko; urrun gaude oraindik»

EAJ babestu aurretik, Diputazioan zer gertatzen den ikusi nahi du Asensiok. Beste aukera ere zabalik daudela onartu du.

Erabaki al duzue ekainaren 11n zein izango den zuen erabakia?

Oraindik ez. Gurekin inor ez da elkartu oraindik eta zain gaude.

Bildu babesteko inongo aukerarik ba al dago?

Bilduren alde ez dugu egingo. Hori argi esan dugun beste hainbat lekutan ere. Oraindik oso urrun gaudela esan genezake. Baina abstentzio edo  gure hautagaiaren alde egin dezakegu.

Horrek zer esan nahi du, EAJren aldeko bozka ere ez dela ziurra?

Gipuzkoako Foru Aldundiari garrantzi handia ematen diogu. Proiektu estrategiko garrantzitsuak aurkitzen dira bertan, eta EAJk bertan hartzen duen jarrerak ondorioak eduki litzake herrietan. Bertan zein erabaki hartzen duten ikusi behar da, eta horretarako oraindik denbora gelditzen da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!