Loreek eta landareek beteko dituzte herriko plazak hilaren 4tik 12ra bitarte

tolosa 2011ko ekainaren 1a

Udaberriarekin batera, eta hirugarren urtez jarraian, Tolosako plazak lorez eta landarez jantziko dira, Tolosa Berdez ospatzeko; ekainaren 4tik 12ra bitarte izango da hau.

Duela aste batzuk, Alondegi plazan Usain gozoak eta zaporeak deituriko lorategi iragankorra jarri zuen udalak, Allariz herri galiziarreko udalarekin sinatutako akordio baten ondorioz. Allarizen, iaz ospatu zuten nazioarteko lorategien lehenengo jaialdia, eta hango eredua Tolosarako «egokia» izan zitekeela pentsatuta, Tolosako Udalak Zumardiaundian jarri berri du ikusgai, Lorategien Nazioarteko Jaialdia.

Hala ere, Tolosa Berdez ekimenak, bere hirugarren urtean, herriko erdigunea bete nahi izan du landarez eta lorez. Antolatzaileek diotenez, «harria nagusitzen da une gogor hauetan, eta hain zuzen ere zonalde hauek berdez janzteko helburuarekin jaio zen Tolosa Berdez».

Esan bezala, datorren ekainaren 4tik 12ra bitarte herriko bost plaza lore nahiz landare bereziz apainduko dituzte: Gaztelako Atea, Plaza Zaharra, Berdura plaza, Andre Maria plaza eta Euskal Herria plaza izango dira aurten, lorategien eszenatoki.

Gaztelako atean, Donostializar-eko Amaia Agirrek graffitia eta landaketa bertikala uztartuko ditu, Tolosa Berdez-en logotipoa abiapuntutzat hartuz; horman landatuko ditu loreak.

Plaza Zaharrean, berriz, Berde Berde enpresako Haritz Elosegiren lorategia izango da ikusgai. Aurten, kontsumo arduratsuaren gaia landuko du, eta naturaren bakeaz gozatzeko astia hartzen duen gizartea irudikatuko du. Hau egiteko, landareak zaborrontziekin eta birziklatutako materialarekin nahastuko ditu.

Berdura plazan, Azpiazu mintegiko Iñigo Azpiazuk frantziar erako iturri baten inguruan lokatzezko lorontziz eta geranio gorriz osatutako lorategia jarriko du.

Zuhaitzak izango dira protagonista Euskal Herria plazan, Goroldi enpresako Joxe Mari Arsuagak altueran kokaturiko lorategia ezarriko du eta. Alegoria bat irudikatu nahiko du, zuhaitzek zementuaren aurka egindako aldarrikapen moduan.

Andre Maria plazan baratzeko espezie historikoak erabiliko ditu Urretabizkaia mintegiko Pablo Alderdi paisajistak, herritarrei hauek ezagutzera emateko. «Tolosan eremu garrantzitsua da plaza, eta baratzeen zaintzan aritzen diren gzutiei omenaldia egin nahi diet hemen». Aurtengo lorategia parte-hartzea bultzatuko duena izango dela nabarmendu du.

Lorategien jaialdiaz gain, ekainaren 4an, eta egun osoz, XXII. lore eta landareen azoka berezia egingo dute Trianguloan, eta artisau azoka ere izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!