Doinu berriei ateak zabalik

tolosa 2011ko maiatzaren 31

Amarozko eskolako eraikinean, hainbat gaztek euren musika sortzeko eta lantzeko txokoa dute, joan den urteaz geroztik.

Orain urte batzuk, Laskorain ikastolako Haur Hezkuntzako umeak aritzen ziren bertan. Gero, eraikina hainbat gaztek hartu zuten euren aisialdirako lokal moduan, eta auzoko festetan parrandarako txokoa bilakatu zen eskola.

2009. urte inguruan, Tolosako musika talde berriak udalera joan ziren entsegu lokalak behar zituztela esanez: «lehenengo udaletxeko harrerara joan ginen, baina gero segituan hasi ginen kultur etxeko TlsBat-eko arduradunekin bilerak egiten», dio lokaletako talde bateko kideak.

Lokal eske talde bat baino gehiago joan zirela ikustean, udaleko arduradunek Amarozko eskolaz hitz egin zieten musika taldeei. Obretan ari ziren bertan, eta zehazki eraikina zertarako erabiliko zuten pentsatu ez zuten arren, Tolosako Udalak Amarozko eskola musikarekin eta antzekoekin loturiko ekintzetara bideratzeko ideia adierazi zien gazteei.

Hasiera batean, lauzpabost talde hasi ziren entseguak bertan egiten: Keiran, Borther Line, Switch eta DJak. Gaur egun, Redrum eta Wainot taldeak ere bertan aritzen dira, eta Amarozko musikariek ere badute txokoa entseguak egiteko.

Talde bakoitza astean behin edo bitan biltzen da lokalean, baina musikariak banaka ere joaten dira musika tresnekin aritzeko: «Batez ere bateria joleak aritzen gara, etxean ezin dugulako bateriarik jo», dio musika taldeko partaide batek.

Arauak bete beharra

Lokal hauetan entseguak egiten dituzten taldeek arau batzuk bete behar izaten dituzte. Besteak beste, ordutegiari dagozkionak dira jarraitu beharreko irizpideak. Gauez musika jotzen aritzea debekatuta dago, eta astean zehar 09:00etatik aurrera has daitezke entseatzen; igandetan berriz, 10:00ak baino lehen ezin dute instrumenturik jo.

Honetaz gain, argiaren eta uraren gastuak ere eurek ordaintzen dituzte, taldeetako partaideek adierazi dutenez: «Ura talde guztion artean ordaintzen dugu, eta argiari dagokionez, aldiz, talde bakoitzak berea ordaintzen du».

Musika taldeen entsegu lokalek sortzen duten arazo nagusietako bat soinuarena izaten da; aldamenean bizi diren bizilagunekin eztabaidak sortu ohi ditu. Amarozko lokalen kasuan, oraingoz behintzat, ez dute inongo arazorik izan. Hasiera batean udaleko arduradunek musikak 40 dezibeletik ezingo zuela pasa esan zieten taldekideei: «Hau ezinezkoa zela esan genien. Eskolako geletan sekulako oihartzuna sortzen zen hitz eginda bakarrik, eta gainera, hitz eginda bakarrik 40 dezibelera iristea ez da zaila». Gauzak horrela, musika taldeak udaleko arduradunekin bildu ziren, lokalak hotsgabetu egin behar zirela eskatzeko; «gastua handiegia zela esan ziguten, eta beraz, talde bakoitzak bere txokoa hotsgabetu genuen, ahal bezala».

Lanak amaitu eta gero, hotsa neurtzeko tresnekin neurketak egin zituzten. «Kanpotik ezer gutxi entzuten dela ikusi genuen, beraz, arazorik ez». Lokaletan aritzen diren gazteek ez dute, oraingoz, bizilagunen kexurik jaso.

Amarotzen, beraz, musikak,  gazte nahiz heldu izan, badu bere sormen txokoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!