Laskorainek Nazional A maila gero eta gertuago dauka

Ataria 2011ko maiatzaren 30a

Modu guztietako gorabeherak izan zituen norgehiagoka batean, eta irakurketa positibo zein negatiboak egin dakizkiokeen emaitza bat eskuratu ostean, atal subjektiboa alde batera utzirik jakina den gauza bakarra zera da, itzulerako partidan erabakiko dela Gazte Berriak eta Laskorainen artean datorren urtean Nazional A mailan jokatzeko postu bat irabaziko duenaren izena.

Ansoaingo Gazte berriak taldeak, Nafarroako ligako txapelduna zergatik izan den erakusteko aukera izan zuen bere etxean. Minutu luzeetan zehar maldan gora ipinitako emaitza baten aurka aritu behar izan zuen, baina neurketako azken minutuetan bete-betean sartu zen kanporaketan, bere aukera guztiak osorik mantentzen dituelarik datorren aste bukaeran erabakitzear dagoen demarako.

Lehen zatian nagusi

Neurketa primeran hasi zen tolosarrentzat, hasierako minutuetan erakutsitako nagusitasunak 0-1eko merezitako saria izan baitzuen Gilek marra gainean bultzatako baloi bati esker. Laskorainen taktika erabat gardena zen, defentsa sendoan oinarritu, eta kontraerasoan ziztadak ematea, alegia. Nafarrek dena den, kalitate handiko jokalari anitzen abantaila du bere lerroetan, eta behin eta berriz ekin zioten Endikaren atea gogaitzearen ahaleginari.

Bigarren zatian, gorabeherak

Bigarren zatiaren hasieran gidoiak berdin jarraitu zuen, eta Javiren mutilak izan ziren berriro egoerari etekina atera ziotenak, eta bi kontraerasotan Joniko eta Gilek beste behin 0-3ko ia erabakigarria ipini zuten elektronikoan. Ordurartean Endika atezainak era guztietako geldituak egin zituen, eta elektronikoaren emaitza, ederra izanagatik apur bat tranpatia agertzen zela onartzea bidezkoa da, etxekoek sortutako gol aukera argiak ukaezinak baitziren.

Gauzak horrela, nafarrek arriskua egiteko intentzio betean temati jarduteaz gain, bi golekin berpiztu zuten bere gorpu zendua, eta neurketa amaitzeko segundo gutxi geratzen zirenean jokaldi trabatu batetik txirrinaren mugan berdinketako sareratze garrantzitsua egin zuten zoramenaren erdian.

3-3ko berdinketak kanporaketa airean uzten du eta horitxoen amaierako aurpegi goibelak ulergarriak diren arren, etxean eta zaletu guztien aurrean jokatuko den bueltako neurketari itxaropenez beterik ekingo diote tolosarrek, bere historiako partidurik garrantzitsuenaren testigu izango den zitan.

Domeka goizean Ansoainen jokatu joaneko partidan, harmailak kolore horiz bete zituzten Tolosako zaletu ugariez gain, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Endika, Murgi, Gil, Telleria, Belloso, Ilunbe, Joniko, Ekhi, Balerdi eta Aratz izan ziren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!