Maddi Oihenartekin urteak daramatza Juantxo Zeberio (Tolosa, 1968) piano joleak. Zuberotarraren lehen diskoan, Hari Biru-n (Elkar 2007), elkarrekin aritu ziren lanean. Bigarrengo honetan, besteak beste, Kirmen Uribe, Itxaro Borda, Bernardo Atxaga, Karlos Linazasoro eta Maddi Oihenart beraren olerkiak kantu bilakatu dituzte.
Etxean jotzeak zer sentiarazten dizu?
Atzean lan handia egin dugu, eta ingurukoen aurrean aurkeztea tokatzen zaizunean... gehienbat ilusioa sentitzen dut.
Topic zer moduzko aretoa iruditzen zaizu?
Gure kontzertua nahiko gauza berezia da; intimioa. Topic-en 200-250 lagunentzako ondo prestatutako lekua dago, eta horrelako gune batean jotzea gozada bat da. Jotzen ari dena eta entzulea oso bilduta gelditzen dira, oso goxoa da lekua. Leidorren egingo bazen, agian, pixka bat handiegia geldituko zen.
Urduritasuna ere izango duzu?
Futbol jokalariek esaten duten bezala, zelaira irten aurretik beti behar da urduritasun puntutxo bat. Baina proiektu honekin eta beste hainbatekin urte asko dira jadanik, eta urduritasun hori kontrolatutako urduritasuna da. Azken finean, badakizu zer ematen duzu, eta baita taldeak nola funtzionatzen duen ere, kantuek bere ibilbidea egina daukate eta... gehienbat disfrutatzeko kontzertua izango da guretzat.
Zentzu batean, Maddi Oihenartek kantatu aurretik, publikoa irabazita izan ohi du.
Maddirekin bi gauza pasatzen dira. Alde batetik, hainbat gunetan bere izena ezaguna dela, hamaika egoeretan azaldu delako, zuberoarra delako etab. Bestalde, ordea, publiko zabalarentzat oraindik nahiko ezezaguna da. Euskal musikan Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Xabier Lete oso ezagunak izan dira, eta dira; hortik behera ordea, bere publikoa edo lekua duten beste hainbat aurkitzen dira, eta Maddiren kasua hau izango litzateke. Baina egia da, eskenatoki batean, errazagoa dela horrelako ahots bat baldin baduzu aurrean.
Ezagutzen ez dutenei nola aurkeztuko zenieke?
Lehenik, ez dakitela ongi zer galtzen ari diren esango nieke. Elkarrekin askotan jo dugu, bai hemen eta baita atzerrian ere, hitzak ulertzen ez dituzten lekuetan, eta jendea aho bete hortz gelditzen da.
Behin hori esanda, Zuberoako tradizioa denok ezagutzen dugu pixka bat, eta Maddik hori barnean darama. Abeslari onen fama daukate, baina kasu honetan, emakumea batez ari gara hizketan, eta Zuberoan kantatzen duten emakume gutxi daude, eta are gutxiago bera bezalakoak. Maddiren ahotsa Iratiko basoan sartzea bezala da; bertako haizeak egiten dituen ufadak, koloreak, soinuak... zuhaitz artetik. Beti konparaketa hori egiten dut nik, Maddi entzutean aire asko entzuten baita; oso sujerentea, intimoa eta goxoa da.
Horrelako ahots bati instrumentuak gehitzea, ez da erraza izango, ezta?
Nire erronka zailena ez baldin bada izan, zailenetakoa hori izan da. Horrelako ahots batek, berak bakarrik hainbeste esaten duenean, arrisku hori izaten da, hau da, jartzen diozun guztia lagungarri izan beharrean okerrerako izatea. Hori erronka bat zen, eta egia esan, oso gustura gaude lortutakoarekin. Bere kantaera errespetatuz, kantua janztea eta interesgarriagoa egitea zen erronka, ez hiru musikari bere ahotsarekin lehian ibiltzea. Kontzertura doanak esango du, baina lortu dela uste dut nik. Horrek ez du esan nahi, tarteka, kanturen bat berak bakarrik sartuko ez duenik, jendearekin batera kantatuz etab. oso berezia izango delakoan nago.
Pianoa, kontrabaxua, txeloa eta eskusoinua sartu dituzue kantuetan. Nola aukeratu dituzue?
Hori izan da pixka bat nire lana. Maddi eta bion arteko elkarlana hor kokatzen da gehienbat. Berak musika buruan dauka, ahoan, bihotzean,... baina gero musika idatzia aurkitzen da, eta hori da nire lana. Bidelagun horiek aukeratzea ez da hain zaila izan azkenean, hasieran buruhauste handiak izan banituen ere. Bi klabe egon dira; alde batetik, gogokoak, ezagunak eta jotzerakoan nahiz funtzionatzerakoan afektiboki oso hurbil ditudan musikariak aukeratu ditut, eta bestetik, anitzak, ahotsera egokitzen direnak. Lehen esan bezala, haizea bezala ibiltzen da Maddi, erritmo batetik bestera.
Pello Ramirez eta Txema Garces oso ondo ezagutzen nituen, eta laguntzaile lan horretan maisuak dira; koloreak ateratzen, ahotsaren inguruan jolasten, eta beti hor, inondik borrokan ibili gabe.
Xamurtasuna, epeltasuna, zoragarria... horrelako hitz asko entzuten dira Maddi Oihenarten ahotsaren inguruan. Baina, bera zuzenean entzunda, estereotipo ponpox hori nekagarria izateaz gain, erabat murriztailea dela iruditzen zait.
Benitoren kontzertua da Benitoren kontzertua, eta badakizu zer entzutera zoazen. Hor ez dago ezustekorik. Maddi ez da hori; badauka niretzat xamurtasun hori, baina egia da beste dimentsio bat ere baduela. Horregatik gehiago gustatzen zait konparatzea Zuberoko izate horrekin. Badu zerbait ezustekoa ematen dizuna. Zuk Euskal Herrian edozein abeslariri galdetzen badiozu kantari erreferente baten izena, oso gutxik utziko dute aipatu gabe Maddi, eurek badakitelako zein zaila den berak egiten dituen gauzak egitea. Betiko kantua betiko eran entzutera joan denari, agian, gogor xamarra iruditzen zaio, bai, baina musikazaleari eta hor sartuta dagoenari asko gustatzen zaio. Hala eta guztiz ere, oraingo proiektu honetan, eta gaurko kontzertuan, topiko horiek betetzen direla uste dut. Instrumentazioarekin kontzertuak osotasun bat hartzen du; ordubete edo ordu eta laurdeneko emanaldia da, eta instrumentuek bidea egiten dute, lagundu bezala egiten diote, pixka bat koherentzia emanaz Maddiren ahotsari eta diskurtso guztiari. Hori bai, zuzeneko honetan jendea harrituta ez nuke esango baina bai sentsazio berezi batekin geratzen dela, beste paisaia batzuetan ibili denaren sentsazioarekin.