Kanpo merkataritzaz gehiago jakiteko ikastaroa antolatu dute langabeentzat

tolosa 2011ko maiatzaren 25a

Bi enplegu bulego daude Tolosan gaur egun. Erakunde berrian bat egin zuten, aurreko Jaurlaritzak ireki zituen Lanbide bulegoek eta INEM Espainiako Enplegu Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoan zituen bulegoek. Horrela beraz, Tolosan, Larramendi auzoan nahiz San Esteban auzoan enplegu bulegoen zerbitzua eskura dute Tolosako eta eskualdeko herritarrek.

Tolosaldea Garatzeneko enplegu zerbitzuak hainbat eskaintza ematen dizkie herritarrei, «zentru integrala» da. Bide honetan, bi erakundeek bateratzearen ondorioz euren lanak ez direla aldatu nabarmendu du Tolosaldea Garatzeneko Lanbide bulegoko arduradunak: «lehen egiten genituen gauza berak egiten jarraitzen dugu».

Lanbide zerbitzuak aurrera ematen dituen ekintzen artean, honakoak azpimarra daitezke: Lanbideko curriculumetan eguneraketak egiten dituzte; lan eskaintzei eta prestakuntzei buruzko informazioa ematen dute; erabiltzaileek prestakuntza zikloetan izena ematea ahalbidetzen dute eta erabiltzaileei lagundu egiten diete lan eskaintzetan izena ematen. Honetaz gain, bertara joaten diren langabeekin orientazioa lantzen dute, sortzen diren lan eskaintzak kudeatzearekin batera.

Enplegu zentroan, bestalde, erabiltzaileentzat irekia den eremu bat ere bada. Bertan, hiru ordenagailu, asteburuetako prentsa, aldizkari espezializatuak, CD-Romak eta eguneraturiko lan eskaintzen txostenak eskuragarri izaten dira, langabetuek beren gisara informazioa bila dezaten.

Hala ere, informazioa zehatzagoa nahi duenari, Lanbide zentruko arduradunek emango diote; enpleguari buruzko webguneak erakusten dituzte, eta Lanbideko web orriak nola funtzionatzen duen ere irakasten diete erabiltzaileei. Eskualdeko enpresa gida ere eskuragarri izaten da, eta eskualdez kanpoko katalogoa ere bai.

Doako ikastaroen eskaintza

Lanbide bulegoko arduradunentzat, garrantzia berezia dute antolatzen dituzten formakuntza ikastaroek.

Hain zuzen ere, datorren astelehenetik aurrera kanpo merkataritzari buruzko ikastaroa martxan jartzea aurreikusi dute; uztailaren 8an amaituko da ikastaroa. 150 ordukoa izango da, eta langabetuei zuzendurikoa da. Donostiako Nazaret formakuntza zentruaren eskutik antolatu dute ikastaroa Tolosan.

Izena ematerako orduan, ikasleen erdiek Tolosan erroldatuta egon beharko dute, baina gainerako plazak eskualdean erroldaturiko herritarrei zuenduak izango dira.

Ordutegiari dagokionez, berriz, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 14:00etara bitarteko atrtean arituko dira. Izena eman nahi duenak, hiru bide desberdin erabili ahal izango ditu: San Esteban auzoko 20. zenbakian dagoen Tolosaldea Garatzeneko bulegora joanda, 943 65 45 01 telefonora deituta, edo lan@tolosaldea.net helbide elektronikora idatzita.

Kanpo merkataritzako ikastaroan landuko dituzten gaiak:

Ikastaroan, hainbat gai landuko dituzte. Hasteko, nazioarteko bezero eta hornitzaileak bilatu eta aukeratzeko teknikak ezagutuko dituzte. Nazioarteko harreman komertzialen prestakuntza eta garapenerako komunikazio teknika egokiak erabiltzen ere ikasiko dute. Era berean, nazioarteko salerosketarako negoziazio bideak ezagutzea eta honetarako arautegiak interpretatzen jakitea ere, ikastaroko zutabe izango dira. Nazioarteko esportazio eta inportazioan burutu beharreko kontrolen nondik norakoak landuko dituzte, eta honetarako beharrezkoak diren kudaketa eta dokumentazioa ezagutzeko lanak ere bai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!