Irailetik aurrera Tolosa & Co fidelizazio txartela eskuratu ahal izango da

tolosa 2011ko maiatzaren 24a

Tolosa & Co merkatari elkarteak fidelizazio txartela aurkeztu du, Topic-en. Txartelaren bidez, tolosar bezeroak saritu nahi izan dituzte merkatariek, eta baita inguruko herrietatik Tolosara erosketak egitera etortzen diren bezeroak ere.

Tolosa & Co-ren fidelizazio txartela VISA txartela izatea erabaki dute, «gero eta gehiago erabiltzen delako»; gainera, kanpora joatean ere erabil daitekeen txartela da VISA. Aukera asko aztertu ondoren, merkatari elkarteak Caja Rural de Navarrarekin egin du, azkenik, fidelizazio txartelaren proiektua burutzeko akordioa. Dena den, txartela eskuratu nahi duten bezeroek ez dute bankuz aldatu beharrik izango; komertzioak eurak aruratuko dira hori tramitatzeaz. Horrez gain, ordainketak epetan burutu ahal izango ditu txarteldun bezeroak, eta beherapenak eta sariak irabazi ahal izango ditu.

Txartela merkatariek proposaturiko ideia izan dela azaldu dute, eta udalak bere babesa eman diela. Bide honetan, etorkizun hurbil batean gasolindegietan, kiroldegian, aparkalekuetan eta abarretan ere txartela erabiltzerik izango dela nabarmendu dute.

Hala ere, hasiera batean komertzioetan soilik erabili ahal izango da Tolosa & Co-ren fidelizazio txartela. Elkarteko lehendakaria den Pedro Tolosak azaldu duenez, 100 establezimenduk baino gehiagok baiezkoa eman diote txartel berriaren erabilerari, eta datorren irailetik aurrera, 300 VISA baino gehiago izango dira eskuragarri herriko dendetan. Txartela doakoa izango da behin betiko.

Funtzioetako alkatea den Jokin Bildarratzek, ekonomiaren egoera txar honi «gauza txikiekin ere aurre egin» behar zaiela azaldu du. Tolosan 517 komertzio gune daude, eta 1.200 pertsona baino gehiagok lan egiten dute sektorean: «oso sektore garrantzitsua da merkataritza, Tolosako ekonomiarentzat», dio Bildarratzek.

Era berean, merkatariekin egin beharreko apustua «etorkizunerako guztiz estrategikoa» dela nabarmendu du Bildarratzek, izan ere, Tolosako merkatarien sektoreak bat eginda, gaur egungo lehiakortasunari aurre egin diezaiokela dio. Irun, Donostia eta Zarautz bezalako herrietan fidelizazio txartelarena «oso esperientzia ona» izan dela ere aipatu du Jokin Bildarratzek, eta Tolosarentzako ere oso onuragarria izango dela uste du.

Txartela eskatzeko, Tolosa & Co elkartera bertara dei egin daiteke, 943 65 35 78 ra, edo bestela, tolosakomertzio@gmail.com helbidean ere egin daiteke eskaera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!