Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak maiatzaren 14ko manifestazioaren balantzea egin du. Bertan ikusitakoarekin gustura agertu dira TOPAko kideak: «Erabat publikoa izango den osasunaren alde borrokatzen duen herri mugimendu baten indarra daukagu».
Balantzea egin aurretik, eskerrak eman nahi izan dituzte: «Dendariei, prentsari eta osasun publikoaren alde sinatu duten guztiei esker ona adierazi nahi diegu. Eta nola ez, manifestaziora hurbildu ziren Tolosaldeko bizilagun guztiei». Koordinakundearen esanetan, manifestazio jendetsuan eskualdeko herritarren aldarrikapenak oso argi gelditu ziren: «Mobilizazioan, osasunaren eskubide unibertsala defendatzeko, adin, kolore eta eskualdeko herri desberdinetako jendea elkartu zen aspaldi ez bezalako manifestazio jendetsuan. Eguraldi txarra egin arren, jubilatu, gazte eta umedun familiak herriaren ahotsaren indarra erakutsi zuten, Eskualde Ospitale Publiko bat eta Espezialitateetako Anbulatorioa berrindartzeko aldarrikapena eginez».
Sinadura bilketan lortutako emaitzekin eta manifestazioak izan zuen erantzunarekin «oso arro» sentitzen direla ere azaldu dute: «Jasotako 12.000tik gorako sinadurak, eta manifestaziora bertaratu zen jendetza, lorpen handiak dira eta oso arro sentitu gaitezke, hala ere, manifestazioa ez da gure lanaren bukaera, borrokaren hasiera baizik. Badakigu erabaki asko hartuta daudela dagoeneko, eta ulergaitza izan arren, alderdi politiko batzuk gauza bat esan dutela hemen Gasteizen kontrakoa sinatu ondoren».
Konpromisoak hartzeko garaia
Orain arte lortu dutenak jarraipena izatea dute TOPAko kideek. Horregatik, hiru konpromiso hauek hartuko dituztela adierazi dute: «Eskualde Ospitale Publiko bat eta Espezialitateetako Anbulatorioaren berrindarpena lortzeko lan egiten jarraitzea; osasun publikoaren alde azaldu ziren alderdiei, bai udaletxeetan bai Eusko Jaurlaritzan, mahai inguruan esandakoa bete dezaten exijitzea, eta Tolosaldean osasun sistema mixtoa ezarri ez dadin borrokatzea».