Pasa den igandeko Udal eta Foru Hauteskundeen ondoren, Tolosako Udaleko egoera politikoak aldaketa nabaria jasan du, eskualdekoarekin batera .
Bildu nagusi izan da Tolosan, bozken gehiengoa jaso baitzuen maiatzaren 22an. Hala ere, Tolosako Bilduko Ibai Iriarte zerrendaburuak, ez du alkatetza ziurtatu. Zortzi eserleku lortu ditu koalizioak, eta ondoren, EAJk eskuratu ditu boto gehien, zazpi eserlekurekin. PSE-EEk eta Aralarrek, zinegotzi bana izango dute Tolosako Udalean.Emaitza hauen arabera, alkatetzarako dauden aukera posibleak alderdi politikoen erabaki, akordio eta bozken araberakoak izango dira.
Alkatetzarako bi hautagaiak Ibai Iriarte eta Jokin Bildarratz izango dira. Bilduko hautagaia den Iriartek, bere aldetik, alkatetza galtzeko aukera bakarra du, eta egoera honetara iritsiko litzateke, PSE-EEko zinegotziak nahiz Aralarrekoak EAJko hautagaiaren alde bozka emango balute. Berdinketaren kasuan, edo PSE-EE edo Aralarrekoen abstentzioaren kasuan, gehiengo osoa ez luke hautagaietako inork lortuko, eta zuzenean, hauteskundeetan bozka gehien jaso zituen hautagaiak hartuko luke alkatetza.
Gauzak horrela, EAJko alkategaia den Jokin Bildarratzek, aukera bakarra du alkatetza eskuratzeko: PSE-EE eta Aralarreko zinegotziek bozka jasotzea. Kasu honetan, 9 bozkarekin gehiengo osoa lortuko luke, eta beste lau urtez alkate izango litzateke Bildarratz.
Iñaki Irazabalbeitiak, Bildu zoriondu eta Aralarren alde apustua egin duten herritarrei eskerrak eman ondoren, bere alderdia alkatetzaren auzian «giltzarria» izan daitekeela adierazi du. Aurreiritzirik ez dutela nabarmendu nahi izan du, eta beharrezkoa den guztiekin hitz egingo dutela. Euren erabakia «betiere» programeta eta programa horiek lau urteotan gauzatu nahi dituzten moduan oinarrituko dutela nabarmendu du: «proiektu horiek egiteko moduaz hitz egingo dugu, eta ez hainbeste proposamen programatiko-ideologikoen inguruko gaiez».
Azkenik, lorturiko emaitzak «aurreikusitakoa ez direla izan» aipatu du Aralarreko zerrendaburuak.
PPko Pello Atxukarrok, bere aldetik, PSE-EEk eta beraiek lan egiteko dituzten «zailtasunei» egotzi die eurek eserlekua galdu izana, eta alkatetzaren auziaren inguruan, ez du iritzi garbirik azaldu: «gu ez gaude barruan, orduan, ez dakit zer irakurketa edo zer estrategia moldatuko dituzten».
Udal korporazio euskalduna
Azken urteotan, Tolosako Udalean ospatzen ziren batzar orokorretan euskara izan da udaleko arazoak eta proiektuak eztabaidatzeko hizkuntza bakarra. Euskaraz ez dakiten Oscar Renedo eta Angel Yañez zinegotziek, zuzeneko itzulpen zerbitzua izan dute, entzungailuen bitartez.
Azken hauteskundeetako emaitzen ondoren, ordea, Tolosako udal korporazioa azken urteotako euskaldunena izango da, zinegotzi guztiek baitakite euskaraz.
Foru Aldundirako ere Bildu
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozkei dagokienez, Tolosan Bilduk jaso zituen pasa den igandean bozka gehien, 3.795ekin; %40,66a. Bigarren indarra EAJ izan zen, 3.219 bozkarekin, eta bozken %34,49arekin. PSE-EEk bozken %7,71a lortu zuen, Aralarrek % 5,81a, PPk %5,54a, EBk %2,11, H1!ek %1,10a, Berdeak %0,51 eta PUM+J-k %0,18a.