Zoriontsu, irrifarrez, ezker ukabila goraka jasoaz... baina aldi berean, burua hotz mantendu nahian aurkitzen zen Ibai Iriarte 23:00ak inguruan. Bilduk 3.812 bozka bildu zituela zioten albistegiek, hau da, 8 hautetsi. Zerkausia eztanda batean lehertu da.
Zorionak.
Zorionak denei: zorionak Tolosako herriari; zorionak honetan sinetsi dugun guztioi, eta lana bihartik aurrera hasten da.
Dirudienez, alkatetza ere gertu duzue.
Ikusi egin beharko da, orain beroan horrelako irakurketak egitea agian azkarregi da, bihar lasaitasunez irakurriko ditugu emaitza guztiak. Lehenengo indarra gara; zinegotzi bat gehiago atera dugu; bozka gehiago lortu ditugu eta hori da garrantzitsuena.
Baina egia ere bada, euforia ikusten dela Zerkausian.
Herri honek gehiegi sufritu du; eta egoera honetan denok daukagu disfrutatzeko eskubidea, eta bada garaia herri hau beste prespektiba edo beste bide batean sartzeko. Horregatik dago jende guztia pozik, baina hau hasiera bat da, lehenengo urrats sendo bat.
Denen aurrean bota duzun hitzalditxoan, zerrendakideez lagundurik, herritarren udaletxea izan behar duela aipatu duzu behin eta berriz.
Herririk gabe ez gara ezer. Bilduk erakutsi du, herri presioaren bidez, estatuko epaitegi baten erabakia atzera bota daitekeela, eta argi daukaguna hori da: herriarekin eskutik goazen bitartean, garaipena gurea izango dela, bitartean ez.
Anjel Yañezek (PP) zigor botoa aipatu du. Zuk horrelakorik sumatu al duzu?
Ez dut uste EAJk bozketan beherakada egin duenik. Niren ustez, guk sortu dugun desberdinen arteko elkarlanak jendearen, gizartearen onarpena izan duela. Gizarteak hori eskatzen duela iruditzen zaigu, eta gu bide horretan gaude, eta bidea egiten ari gara. Nire ustez zentzu horretan bozkatu digutela herritarrek.
Eskualdeko emaitzak ere pixkanaka- pixkanaka jarraitzen aritu zara gau guztian zehar, zer iruditu zaizkizu?
Izugarria. Gau ahaztezina. Baina benetan lan handia daukagu eskualdean egiteko; Tolosa buru bezala, herriekin harremanetan, herriak Tolosarekiko harremanetan... eskualdean garapen handia dago egiteko, mila gaietan: nekazarien biziraupena sustatzeko, mugikortasuna dela-eta, ingurugiroa... mila gauza dauzkagu egiteko.
Eskaintza eta mezua.
Herritarrei, presoei, iheslariei, euskal gizarteari, Euskal Herriari, lanean urteetan dirauten horiei... herriari.
Eta mezua? Etorkizunean Euskal Herri askea, Tolosa askea, nahi baldin badugu lana bihartik aurrera hasten dela, eta denok garela beharrezko.