Eduardo Mokoroa musika eskolak Tolosako Udaleko kultura sailarekin antolatutako Musikaria jardunaldiak, astelehenean hasiko dira, hilak 23, eta maiatzaren 29ra bitarte iraungo dute.
Antolatzaileek Musikaria herriko kultur egitarauaren baitan «egonkortu» egin dela nabarmendu nahi izan dute. Honen harira, zenbait ekitaldi finkoak bihurtu dira Musikariaren egitarauan, azken urteotan izan duten harrera ona dela eta; Musika Eskolako ikasle bandak eta Udaberri dantza taldeko ikasleek elkarlanean eskaintzen duten emanaldia da horren adibide.
Zazpi egun, zortzi emanaldi
Zazpi egunetan, zortzi emanaldiz gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Horrela, astelehenean 19:00etan lehen kontzertua izango da. Urval Ensemble klarinete laukotea musika eskolan bertan arituko da bi zati izango dituen kontzertuan: abesti lasaiagoz osaturiko lehen zatia, eta gaurkotasun handiagoa duten kantuz osatua bigarrena. Urval Ensembleko taldekideak, Astor Piazzollaren abesti batekin egingo duten moldaketa nabarmendu nahi izan du: «ikusleak harritu egingo dira».
Asteartean, berriz, Da-Daiko perkusio taldeak emanaldia eskainiko du, 19:00etan musika eskolan. Iraide Ansorena, Igor Arostegi eta Mikel Zelaia tolosarrak laukoteko partaide dira, eta konztertuko egitaraua «askotarikoa» izango da.
Maiatzaren 25ean, asteazkenarekin, Hariots soka taldea izango da musika eskolan, 19:30ean. Jatorri desberdineko folk musika instrumentala lantzen dute besteak beste: Euskal Herria, Irlanda, Argentina nahiz Europa erdialdeko klezmer musikak.
Jazz musikak ere izango du bere txokoa Musikariaren baitan, B3 Dixieland taldearekin. 19:00etan kontzertua eskainiko dute ostegunean, musika eskolan. Dixie musika egiten dute, New Orleanseko benetako jazza.
Ostiralean, Topic-en izango da Musikaria jardunaldietako kontzertua. Maddi Oihenart zuberotarrak eta Juantxo Zeberi tolosarrak elkarlanean sortu duten bigarren laneko abestiak eskainiko dituzte, 20:30an. Baldi diskan, hainbat euskal idazleren poemak kantu bihurtu dituzte, besteak beste: Kirmen Uribe, Itxaro Borda, Leire Bilbao, Bernardo Atxaga eta Karlos Linazasoro.
Larunbatean, hilak 28, bi emanaldi izango dira. Alde batetik, Tolosako Musika Bandak kontzertua eskainiko du 19:00etan Zerkausian. Bestalde, Kup abesbatza izango da 20:00etan musika eskolan. Taldeko zuzendaria gaur egun abesbatzen munduan eskarmentu handikoa den Gabriel Baltes da, eta Kup abesbatzak teknikoki oso konplexuak diren abestiak eskainiko ditu Tolosan.
Azkenik, hilaren 29an, igandean, musika eskolako ikasle bandak eta Udaberri dantza taldeko ikasleek emanaldia eskainiko dute, hirugarren urtez jarraian. Musika bandak interpretatuko dituen doinuekin, emanaldirako bereziki prestaturiko koreografiak egingo dituzte Udaberriko ikastaroetako neska-mutilek.