zen kontzeptua da; mendiarekin lotutako gaiekiko kezka du komunitate honek, eta mendian eragile gisa aritzen dira. Besteak beste, zinea ere mendiko kultura horren barruan sartzen da, eta datorren maiatzaren 10 eta 11n, Tolosako Leidor aretoan ikusgai izango dira lan horietako batzuk.
Jokin Bildarratz alkatea, eta Gasteizko Mendi zinemaldiko Javi Baraiazarra zuzendaria bat datoz, «Tolosak mendiarekin betidanik izan duen harreman estua» aipatzerakoan. «Mendizaletasun horren erakusgarri dira, izen handiez gain, herriko hiru mendi taldeak: Aralarko adiskideak, Oargi eta Alpino», dio Bildarratzek.
Hori dela eta, bi aldeei egokia iruditu zitzaien Gasteizko Mendi Zinemaldiko pelikularik onenak eskainiko dituen Mendi Tour-a Tolosan hastea.
Bide beretik, Bildarratzek eskerrak eman nahi izan dizkie bai antolazaileei, bai babesleei, eta «ohore bat» dela nabarmendu du; Gipuzkoa osoan, Tolosan soilik ikusi ahal izango dira mendiaren aurpegi desberdinak erakusten dituzten pelikula hauek.
Egitarauari dagokionez, guztira zazpi film proiektatuko dituzte. Asteartean, 19:00etatik aurrera, The asgard project, Entre nos eta Le monde gaston rebuffat pelikulak izango dira ikusgai. Asteazkenean, berriz, ordu berean, Gasteizko zinemaldiko pelikularik onenaren saria jaso zuen The pinnacle, Uruca animaziozko laburmetraia, Bi gailur hamaika istorio bidean, eta Play gravity 2: the other side izango dira ikusgai. Egun bakoitzeko sarrerak 5 euroko prezioa izango du.