Khristina Baron (Tolosa, 1975) Hamaikabat alderdiko Tolosarako alkategaia da. Ostalaritzan egiten du lan, eta «herriaren alde lan egiteko gogo biziz» dagoela dio. Elkarrizketan Javi Telleriaren laguntza izan du, alderdiko Tolosako arduradunetariko bat. Baronek H1!eko ardatz nagusiez hitz egin du, eta baita, Tolosako alkategaia denez, herrirako dituen proposamenez ere.
Zeintzuk dira H1!ek datozen lau urteetan jarraituko duen lan ildoa? Guztion artean aurrera egin nahi dugu, hau da, batasunaren alde egingo dugu lan. Papergintzaren krisia gainditu genuen orain dela urte batzuk, eta orain ere, denak batera, alderdi politiko guztiak, herritarrak... batuta, krisi hau gainditzeko gai izango gara. Bestetik, ekonomia arrakastatsu bat nahi dugu, eta ekonomia hori lana sortzera bideratu nahi dugu. Ongizate eta etorkizun on bat edukitzeko beharrezkoa da. Izan ere, gizarte orekarik gabe, ez dago garapen ekonomikorik. Ongizateko politika indartu behar dugu. Enpresek punta-puntako teknologia izan behar dute, eta gu horretan arituko gara lanean. Beti ere ingurugiroa babestuz. Prestatutako jende gazte asko dago, eta horregatik merezi du ahalegin bat egitea punta-puntako teknologia duten enpresak Tolosaldean kokatzeko.
Eta nola egin daiteke hori? Hasteko industria lurzoruak egokitzen. Apatta Erreka nahiko ondo bete da, eta orain gunea luzatu behar dugu industria mota hori hor kokatzeko. Hala ere, baserritarren lana gogoratu behar dugu. Tolosa oso harro dago bere azokarekin, baina baserritarren lana da ezinbestekoa. Desagertzen ari da, eta horregatik da oso garrantzitsua beraien jarduerari bideragarritasuna ematea. Ona izango litzateke, Foru Aldundiak babestutako lurralde bankua egitea, horrela industrigune garen bezala, nekazalguneak ere sortu ahal izateko. Gure sustraiak hor daude, ezin dugu hori ahaztu. Udalek nekazalguneak sortu ahal izateko udal ondasunak onbideratu behar dira. Zentzu honetan esan behar dugu, gure politika beti laztasunean oinarrituko dela, baina beti ere, lehentasuna ongizateko gastuei emanda. Gurean bizi diren kanpotarrei begira, hauen integrazioa bilatuko dugula esan behar dugu. Beraien jatorriak babestu behar ditugu, baina gure bizimodua, kultura... integratzeko. Eta horretarako baliabide oso garrantzitsua dugu, gure altxorrik handiena: euskara.
Gazteen artean alokairuzko etxebizitzak bultzatzeko asmoa ere aipatu izan duzue. Hirigintzari dagokionez, defendatuko duguna da orekatutako garapena. Lehentasuna da batez ere, jende gazteari etxebizitza ematea, baina ez, jabegoa ematea, baizik eta bizitzeko leku baten eskubidea bermatzea, horretarako alokairua bultzatuz. Tolosako kasuan udalak badu Laskorain Goikoa guneko jabetzaren %85a eta oso egitasmo jatorra izan daiteke, izan ere, jende gazteak ez dauka gurasoen etxetik joateko aukerarik, eta beraz, gune horretan alokairua bultzatzea ezinbestekoa da.
Eta zer egingo zenukete Bonberenearekin? Gure asmoa ez da Bonberenea desagertaraztea, beraiekin elkartzea baizik. Beraien ideiak jaso nahi ditugu, eta gazteriari protagonismoa eman. Laskorain Goikoa epe ertainera garatzekoa da, eta horregatik orain daukagu denbora hitz egiten joateko, eta beraiek ere euren artean eztabaida sortzeko. Eskutik joan behar gara, baina beti ere protagonismoa beraiei emanda. Hitz egiten joan nahi dugu, Laskorain Goikoan makinak sartzen direnerako gunea non kokatuko den, egokitutako Bonberenea berria non egongo den, jakin behar dugu. Izan ere, momentu honetan dauden lekua horretarako egokitu zen, eta gure ikuspuntua da, Bonberenea egitea, ez egokitzea, baizik eta leku bat egokitzea beraiek eta bizilagunak lasai egoteko. Zentzu honetan esan behar dugu, asko gustatuko litzaigukeela herritarren iritzia momenturo ezagutzea. Galdetzeko lasaitasuna izan behar dute, eta gertutasuna landu behar dugu. Herriarekin bat egin nahi dugu.
Politika sozialari emango diozue lehentasuna, ezta? Gu ezkerrekoak gara, sozialdemokratak, eta gure lehentasuna bizi eskubideen alde egitea da. Nazionalistak gara, eta independentzia nahi dugu, erabakitzeko independentzia nahi dugu. Nazionalismoa krisi txiki batean dago, eta horregatik batasuna nahi dugu. Nahiz eta denak ez pentsatu berdin, batu eta denak batera egin behar dugu lan. Lehentasuna politika sozialari emango diogu beti. Politika beste modu batean egin nahi dugu, eta gardentasuna nahi dugu.
EAtik banandutako hainbat kargudun publikok osatu zenuten alderdi berria, zergatik? Javi Telleria: Gu beste alderdi batean geunden, eta momentu batean esan genuen ez geundela ados gure alderdiaren politikarekin, eta hausnarketa prozesu bat abiarazi genuen nazionalistok lehendakaritza zergatik galdu genuen aztertzeko, ikusteko PSOEk eta PPk zergatik irabazi zituzten herri batzuetan postuak... Nazionalismoa berritu egin behar zela ikusi genuen. EAk gerora eman dituen pausuak ikusita, denborak arrazoia eman digu. Gure soziologia eta ideologia ez zenez hori, beste alderdi bat egitea erabaki genuen. Guk batasuna lortu nahi dugu. Lotzen gaituena, batez ere krisi garaian, abertzaletasuna da.
Lehenagoko alderdikide batzuk EAJra joan dira. Ez dugu ezer esateko. Gure ardatza oso argia da, ez gara EAJra joango, beraiekin lan egiteko prest gaude, hala ere. Baina beraien helburua bakartasuna da, eta gu ez gara horretan sartuko.
Nola ikusten duzu udaletxeen kudeaketa krisi egoera honetan? Laztasuna da ardatza, eta baliabideen optimizazioa lortu behar dugu. Ongizatea bermatu behar dugu, gastu hauek berdin mantendu behar ditugu, eta behar bada, diru gehiago bideratu.
Aro berri bat ireki da Euskal Herrian; ETAren agiriak, Bildu alderdia... zer duzue esateko honen inguruan? Gizartea nahiko nazkatuta dago. Ulergarria da sektore batzuetan ez sinestea zer gertatzen ari den, eta zer esaten den. Estatu mailan sinestezina da zein pausu ematen ari diren, demokrazia banatzen ari dira interesen arabera, eta azken su-etenean ere ikusi genuen nola herri batzuetan onartu ziren zerrenda batzuk eta beste batzuetan ez. Gure herria anitza da, eta gaindituko du ETAren orbana. Gure herrian ez da ezer aurreratu ETA zegoelako, eta desagertzen bada, gure herriak aurrera egingo du abiadura handian, turismoaren gorakadaren azken datuekin ikusi den bezala.
Tolosaldean AHTren lanak hasi berri dira, eta herritarren protestak izan dira. Zein da Hamaikabaten jarrera azpiegitura honekiko? Hamaikabat AHTren alde dago. Azpiegitura handiei ezetz esaten dion sektorea ez dugu ulertzen. Aurrera pausoa den guztiari ezin diogu ezetz esan. Zenbatu egin beharko genuke zenbat dauden AHTren alde, eta zenbat kontra. Tolosaldean argi dago gizartea AHTren alde dagoela.
Eskualdean badago pil-pilean dagoen beste gai bat; Osasun Publikoaren Aldeko Plataformarena. Tolosa eskualdeko ospitale bat ez duen eskualde bakarra dela diote, eta 10.000 sinaduratik gora bildu dituzte osasun pubikoaren alde. Erantzukizunez jokatu nahi dugu. Gure alderdiko Joxe Gurrutxagak bere garaian eskatu zuen eskualdeko ospitalea, eta ia-ia erotuta zegoela esan zioten. Guretzako lehentasuna gaixoak dira, eta gaixoei erantzun on bat eman behar diegu. Pentsatu behar dugu zergatik esaten den osasun pribatua txarra dela, eta publikoa ona. Kasu honetan gainera, Asuncion klinika aspalditik du hitzarmena Osakidetzarekin, eta kalitateko Q-a ere badu, oso gutxik duten izendapena. Susmagarria iruditzen zaigu gai hau hauteskundeen bezperan ateratzea. Guk gaixoen babesa bermatzea eskatuko dugu. Lanpostuak ere kontutan hartu behar dira, bai sektore pribatuan, eta baita publikoan ere.