Tolosan Espainiako banderak bere historia dauka. 1981. urtean banderen legea onartu baldin bazuten Madrilen, ondorengo urteetan Hego Euskal Herrira zabaldu zen Banderen gerra Tolosan piztu zen.
Egun, duela 30 urteko legea aitzakiatzat edo arrazoitzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak lau bandera jarri ditu Tolosako epaitegiaren sabaian: Europakoa, Espainiakoa, ikurrina eta Gipuzkoakoa. Jakina da Espainiakoak eztabaida piztu ohi duela euskal gizartean, eta Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariak Tolosako azken hiru alkate ohiekin hitz egin nahi izan du.
Mirentxu Etxeberriari (EAJ), Jose Gurrutxagari (EA) eta Antton Izagirreri (Batasuna) ez zaie argazki polita iruditu epaitegiaren kanpoaldean aurkitu dutena. Hala eta guztiz ere, legez hori egin dezaketela onartu dute hirurek.
Hiru alkate ohien erreakzioak
Mirentxu Etxeberriak alkatetza 1983an hartu zuen, eta legealdi bakarra egon zen udalaren buru. Epaitegian jarri duten Espainiako bandera kalean zebilela ikusi zuen: «Semeak esan zidan eta atentzioa deitu zigun. Zer iruditzen zaidan? Oso gaizki dagoela, garbi dago». Horren haurrean zer egin daitekeen edo zer ez, ongi asko daki Banderen gerra gertutik bizi izan zuen alkateak: «Legez ezinda ezer egin. Protesta egitea ez zait gaizki iruditzen; guk ez dugu nahi, ez gaudelako Espainian, baina eurentzat epaitegia euren territorioan dago».
Jose Gurrutxagak hiru legealdi pasa ditu Tolosako alkate bezala, 1987tik 1999ra. Espainiako bandera, eraikuntzen kanpoan, Guardia Zibilaren kuartelean bakarrik ikusi duela onartzen du. Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia gauzak nahastera datorrela uste du: «Zer eta momentu honetan gainera; horrenbeste eztabaida ditugunean mahaiaren gainean. Momentu honetan hori jartzea probokazioa beste ezer ez dela iruditzen zait. Jendea bata bestearen aurka jartzeko besterik ez du balio. Gauzak ondo zeudela uste dut, jendea amorrazteko besterik ez dute balio horrelako gauzek. Beraiek hori espainiarra dela eta Espainian gaudela esango dute, eta puntu. Horren aurka ezin da gauza handiegirik egin».
Antton Izagirrek alkatetza 1999an hartu zuen, 2003an uzteko. Gurrutxagak bezala, egungo egoeran txertatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak hartu eta aurrera eraman duen erabakia. Izagirreren ustez territorioa markatzeko egin dute: «Espainiako estatua nahiko larri aurkitzen dela iruditzen zait. Hainbat ekimenekin independentistok aurrerapausoak eman ditugu, eta gero eta gehiago garela nabarmen gelditzen ari da. Gaur egungo estatus eta estatutu hau agortuta dagoela bistakoa da, indar politiko eta sozial gehienek aldaketa nahi dutelako. Horren aurrean, beste askotan egin duten bezala, lerrokatu eta heurean ixten dira espainiarrak; territorioa markatzen saiatzen dira. Kasu honetan, territorioa markatzeko bandera hori jarri dute, hain zuzen ere, garbi geratu dadin beraiek direla agintzen dutenak».
Izagirrek guzti honen atzean «indar erakusketa moduko bat» ikusten du: «Eurek badakite gehiengo soziala ez dagoela bat eurek defendatzen duten Espainiaren batasun horrekin. Euskal Herrian eta Katalunian erabaki berriak hartu beharrean izango direla ikusten dute, bestela herri horietako jendeak bere kabuz hartuko baititu erabaki horiek. Beldurrak eragindako erabaki bat dela esango nuke».
Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren aurrean zer egin daitekeen galdetuta, Batasunako alkate ohiak bat egiten du aurrekoekin, juridikoki ezer ezin dela egin esaterakoan: «Beti esan dugun bezala, epaitegiak espainiarrak dira, eta Espainiaren legeak babesteko daude. Orain hori nabarmenago uzteko bandera jarri dute. Erantzuteko, beti egin dugun bezala, herri borondatea erakuts genezake. Sektore politiko eta sozial guztiek, elkarrekin, bat ez gatozela adierazi genezake. Baina ez puntualki, kasu honetan izango litzatekeen bezala, jarraipena izango duen ekimen antolatua eta estrukturala bultzatu beharko litzateke. Gertaera honi berriz, ez nioke daukana baino garrantzi handiagorik emango».
‘Banderen gerra’
1981eko legearen arabera, udaletxeko balkoian, ikurrinaren ondoan Espainiako banderak joan behar du. Azken hau ez zintzilikatzeagatik, 80. hamarkadan, Tolosako udaletxean ez zuten ikurrinik jartzen. Herri Batasunako zinegotziek ordea, San Joan jaietan ikurrina zintzilikatzen saiatzen ziren. Alde batetik, mozioen bidez, eta hauek aurrera ateratzen ez baziren, euren kabuz udaletxera sartuta. Mirentxu Etxeberria alkate zegoen legealdian, Guardia Zibila sartu zen sanjoanetan udaletxera, ikurrina kentzera. Honen lekuan, Espainiako bandera jarri zuten. Eta ez hori bakarrik, gaua bertan igaro zuten euren bandera zaintzen.
Honek ordea, gauza guztiek bezala, bere ondorioa ekarri zuen: Herri Batasunako zinegotziek udalean mozio bat aurkeztu zuten. Espainiako gobernuak banderen legea onartu zuenean, udaletxe guztietara Espainiako bandera bat bidali zuen. Mozio honek bandera hori bueltan Espainiara bidaltzeko eskatzen zuen. Hori bai, «edukazioz». Orduko HBko zinegotziek honela gogoratzen dute: «Tolosarrok bandera hori ez genuenez maite, errespetu guztiz, gehiago maite zuten leku batera bidaltzea eskatzen genuen mozioan, hau da, Espainiako Barne Ministeriora».
Mozioa aurrera atera zen, EAJren abstentzioarekin eta HBren aldeko botoekin. Erabakiak izugarrizko oihartzuna izan zuen eta Banderen gerra alde guztietara zabaldu zen. Hori bai, Espainiatik 6 urteko espetxe zigorra eskatu zuten aldeko botoa eman zuen zinegotzi bakoitzarentzat. Hala eta guztiz ere, bete ez zen zigor eskaera izan zen.