Egungo alkateak, Jokin Bildarratzek, udala ekonomikoki ondo aurkitzen dela esan berri du. Ezker abertzalearen ustez, ordea, udalaren datu ekonomikoak «kezkagarriak, larriak, arriskutsuak eta erabat negatiboak dira etorkizun hurbilerako». Irakurketa hau egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak «apirilaren 20an eguneratutako datuak» erabili dituzte, Gipuzkoa.net webgunetik lortuak.
Ondorio politikoak
Datuen irakurketa egin ondoren, ezker abertzaleak ondorio politikoak atera ditu: «Egoera larria da, eta jakitun gara udaleko teknikariek ere kezka hori adierazi dietela agintariei». Jokin Bildarratzi «gezurretan ibiltzea», eta «benetako egoera ezkutatu nahi izatea» leporatu die ezker abertzaletik. Udal finantzak euren ustez kiebra edo porrot bidean aurkitzen dira: «Egoera hau bideratzeko neurri gogorrak hartu beharrean izango dira ondorengo urteetan udal taldeak. Jakitun gara zulo ekonomiko hau estaltzeko EAJ Tolosa Gasa udal enpresan dituen akzioak subastan saltzeko erabakia hartzen ari dela».
Ezker abertzaleak salatu duenez, EAJk «arduragabekeriaz» jokatu du udal finantzen gestioan: «Gastuen planifikazio eza egon da azken lau urteetan; dirua ardura gabe xahutu dute. Jokin Bildarratz bere irudi publikoaz kezkaturik, bere promozio pertsonalaz gehiago arduratu da udal finantzaz baino». Azkenik, datorren agintaldirako «udala hipotekaturik» utzi dutela ere salatu dute ezker abertzaletik.
Bildu duten informazioa, irakurketa teknikoa eta politikoa barne, datozen udal hauteskundeetan aurkeztuko diren alderdi eta talde politiko guztien eskura jartzeko asmoa azaldu dute ezker abertzalekoek. Bilera deialdiak alderdi guztiei egitekoak direla esan dute; «Tolosak etorkizun hori ez baitu merezi, eta gehiago gezurretan ez aritzea exijitzen dugu».
Udalaren egoera Ezker abertzalearen arabera
Zorpetze maila, Gipuzkoako handiena. Gipuzkoan bataz bestekoa %6koa da, Tolosako Udalarena %16,7koa.
EAJren agindupean, zorpetze mailak gorakada ikaragarria. Gaur egun, udalaren zorpetze maila 16,7koa da. Honek esan nahi du, diru sarrera arrunten %16,7a, 4.313.247 euro, bankuei gastu finantzieroak ordaintzeko erabali behar dela aurten.
Neurri beretsuko herrien zorpetzearen hirukoitza. Hernanik %2,2ko zorpetze maila; Hondarribiak %0koa; Lasarte-Oriak %3,7koa eta Tolosak %16,7koa.
Muga gainditzeko arriskua. Euriborraren eboluzioaren arabera gaindi dezake, legezko zorpetze maila %25ekoa baita.
Aurrezki garbia negatiboa da: -%4,6koa. Aurrekontuetan aurreikusitakoa baino gehiago gastatu da. Sarrera arruntak ez dira nahikoa gastuei gehi amortizazioei aurre egiteko.
Kiebra bidean. Enpresa pribatua balitz udala, horrela jarraituz gero, porrota aitortuko litzateke irizpide teknikoen arabera.
Epe motzeko etorkizuna hipotekatua. Gipuzkoako Foru Aldundiak %0,0ko zorpetze muga jarri dio Tolosako Udalari.
Zor bizia %61,9koa: 16.020.769 euro. Hitzartutako epe luzeko maileguetatik amortizatu gabe dagoen zatia oso handia da.