«Hitz batean, sentimendua da argazki hauetan ikusten dena»

tolosa 2011ko apirilaren 28a

Shole Martin Naturaldia jardunaldietako antolatzaileetako bat da. Jose Benito Ruiz argazkilariaren Naturaleza Humana erakusketa prestatzen ari da, Aranburu jauregian. Maiatzaren 31 bitarte izango da ikusgai.

Naturaldia jardunaldiak nola hasi ziren? Zenbagarrena da aurtengoa?

Aurtengoa 22. Naturaldia izango da. 90eko hamarkadaren bueltan hasi ginen, eta garai hartan Zumardiaren inguruan antolatzen genuen guztia. Dena den, guk aurrera jarraitzen dugu urterokoa antolatuz, zenbakiei begiratu gabe; horrek ez nau gehiegi kezkatzen.

Urtero Tolosan izan al da Naturaldia?

Bai, bai, beti hala izan da. Kontua da, duela zazpi urte Gipuzkoako Foru Aldundiak interes handia erakutsi zuela guk antolaturiko jardunaldien inguruan, eta herrialdeko beste leku batzuetara zabaldu nahi izan zuen. Orduz geroztik itxiera ekitaldia ospatzen genuen, Chillida Leku museoan. Aurten, Chillida Leku itxita dagoenez, Aquarium-ean ospatuko dugu ekitaldia.

Gaur bertan hasiko den Naturaldian, natura maitatzen irakatsi diguten haiek omenduko dituzue, ezta?

Egiazki, aurtengo helburua gu guztiok natura maitatzeko eta hobeto ezagutzeko lan egin dutenak gogora ekartzea izan da. Dibulgazioaren bidez erakutsi digute natura zer den, eta hau dela eta, besteak beste, Felix Rodriguez de la Fuente omenduko dugu. Era berean, naturaren inguruko zinemaren alde egin dutenak ere gogora ekarriko ditugu; Wanda Films edo  Nómadas del vientoren making off-a. Bide beretik, National Geographic-ek, telebistaren bitartez, etxeko sofaraino ekarri dizkigu mundu osoko irudiak. National Geographic-eko Constanza Ceruti esploratzaileak programa oso indartsu bat dakar Naturaldira. Bestalde, argazkigintza, nolabait, oinarrizko artea da naturarentzat, eta hemen Jose Benito Ruiz-en erakusketa izango dugu. Horretaz gain, XX. mende hasieraz geroztik, hainbat ekimenen bitartez natura maitatu eta sustatu duten tolosarrak ere hizpide izango ditugu.

Gaur egungo telebistak eskaintzen duena ikusita, jendeak aurretik aipatu dituzun guztien lana estimatzen duela uste al duzu?

Nik baietz pentsatu nahi dut. Ez dut telebista gehiegirik ikusten, baina National Geographic-ez edo BBC-ko dokumentalez hitz egitean, jende gehienak ezagutzen ditu. Ikusleak nolabait harrapatu egiten dituela uste dut. Zapping-a egiten ari zarela, naturak eskainitako irudiak topa ditzakezu, eta horrek zenbait ikusleren arreta pizten duela uste dut, irudi oso indartsuak eskaintzen baitizkigute. Gai honekiko interes handirik ez duenik ere izango da, noski.

Eta erakusketari dagokionez, zer ikusiko du bertaratzen denak?

Sentimendua, hitz batean. Emozioa, erakarpena, eta hausnarketa ere ikus daiteke. Argazki bakotzak gure eguneroko bizitzako eszena bat irudikatzen du. Dena den, ezin da hau azaldu, argazkiak ikusi gabe; irudiei begiratzean, hauetariko bakoitzak arreta ematen du zerbaitengatik. Argazkien indarrak, egiazkoak ez direla pentsarazten dizu. Irudietan naturako xehetasunak ikus daitezke, eta Benitok, akaso mendira edo hondartzara joaten garenean, hautematen ez ditugunak ikusarazten dizkigu bere kameraren bitartez.

Jose Benito Ruizek ibilbide zabala du.

Gauza mordoa esan daiteke gizon honi buruz. Hasteko, bere curriculum-ean dituen sari eta aipamen guztiak. Niri, bereziki aipagarria iruditzen zait astebururo internet bidez eskaintzen duen argazkigintza ikastaroa. 10.000 lagunek jarraitzen dute. Bestalde, oso garrantzitsua iruditzen zait naturako argazkigintzan, lanerako darabilen etika: denak ez du balio, eta dekalogo moduko bat dago. Jose Benito Ruizek zehatz-mehatz jarraitzen du hau. Gaur egun, estatuan lehena da aktibismoari dagokionez. SOS Litoral izeneko kanpainarekin dabil, eta nazioartean ezaguna egin da. Aurrez inork egin ez duen moduan defendatzen ari da Iberiar penintsula osoko kostaldea. Urte betez lekuz leku joan da gizakiaren erasoak aztertuz, eta argazkigintzaren bidez, babestu beharreko hainbat zonalde izendatu ditu. Lan hau aurten argitaratuko da ziurrenik.

Datorren asteartean eskainiko duen Fotografía, arte y conservación hitzaldian honen inguruan arituko al da?

Bai. Argazkigintzaren bidez aktibista izate hori kontatuko du. Bera bokazioz da aktibista, eta sentitzen duelako egiten du egiten duen lan guztiak. Naturaldiak 22 urte hauetan hedadura handia izan du, eta arlo honetan oso garrantzitsuak diren ahotsak izan ditugu gurean. Honek, gerora jendeak Naturaldira etortzeko erakarpena sentitzea dakar. Benitoren kasuan, ez zen halakorik gertatu; deitu genionean, segituan eman zigun baiezkoa, eta pozik etorriko zela esan zigun. Are gehiago, erakusketa asko ditu Naturaleza Humanaz gain, eta Tolosan hauetariko batzuk erakustea gustatuko litzaidake; baditu kalean erakustekoak direnak, eta hori oso interesgarria iruditzen zait.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!