Bide Ertzean taldearen ‘Don Inorrez’, euskarazko kantu onena

tolosa 2011ko apirilaren 28a

Tolosa Bide Ertzean talde tolosarraren Don Inorrez kantak irabazi du Espainiako Musika saria, euskarazko kantu onenaren atalean. Taldeko Joni Ubedak argitu duenez, «pozik» hartu dute berria, baina ez daude «bereziki hunkituta», beren lehentasuna lana baita, «kontzertuak eman, kantak prestatu... orain horretan ari gara buru-belarri, kanta berri bat prestatzen. Sari bat jasotzea ona da hala eta guztiz ere, zure lana horrela baloratzen dutela jakitea eskertzekoa da», argitu du taldekideak. «Sari honek hemendik kanpo ezagunak egiteko balio badu, primeran, gu lanerako prest gaude, emanaldiak eskaintzeko... baina guk beste parametro batzuetan egiten dugu lan. Hemen bagaude ikuslegoarengatik da, gure diskoak erosten dituztenengatik, hori oso argi dugu», gaineratu du Ubedak. Jose Luis Otamendi Jose Luis Otamendi poetaren hitzak dira Don Inorrezekoak. «Harekin lehen kolaborazioa egin genuenean dagoeneko aipatzen zigun Azpeitian ‘Don Inorrez’ kontzeptua erabiltzen dela umeei kargu hartzeko: Hau edo beste hori egiten ez baduzu, Don Inorrez etorriko da», zioen iaz Imanol Ubeda taldeko kideak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!