Lorategi iragankorrek beteko dute herria datozen asteetan

tolosa 2011ko apirilaren 19a

Alondegiko plazan, lorategi berri bat jarri berri dute. Usain gozoak eta zaporeak deiturapean, Galiziako Allariz herriko udalak Tolosako Udalarai egin dion oparia da lorategia.

Lorategia iragankorra da, eta landare aromatikoak dira nagusi; gastronomian erabili ohi dira besteak beste, eta baita lurrin moduan ere. Landare hauek, jangarriak diren lorontzietan hazten dira.

Hitzarmena abenduan

Alondegiko plazako lorategia Allariz herritik etorri da, 2010eko abenduaren 5ean, Tolosako eta Allarizko udalek sinatu zuten akordioa dela eta. Lankidetza hitzarmen honen helburu nagusia, lehen sektorearen eta landa eremuen garapena da. Allarizko Udalak landa auzoen inguruan eskarmentu handia du, eta Tolosan, berriz, azoka bereziek eta gastronomiak duten garrantzia ikusita, bi udalek aholkularitza eskaintzen die elkarri, arlo honetan.

Allarizen bertan, iaz antolatu zuten estrainekoz lorategi iragankorren jaialdia, eta parke handi batean, zortzi lorategi iragankor  jarri zituzten. Zortzi horietako bat da, hain justu, Alondegi plazan jarri dutena.

Lorategien jaialdia Tolosan

Allarizen bezalaxe, Tolosan ere lorategiei eskainitako jaialdia ospatuko dute datorren hilabetean. Modu honetara, Alondegian jarri berri duten lorategiaz gain, antzeko beste sei lorategi ikusgai izango dira Zumardiaundian. Aipaturiko lorategi hauek prestatzeko lanak direla eta, Zumariaundiko parkea itxi egingo dute apirilaren 26tik maiatzaren 14ra bitarte. Hain zuzen ere, maiatzaren 14an hasiko da lorategi iragankorren jaialdia. Edozein herritarrek joan ahal izango du lorategira, eta nahi duenak eskuragarri izango ditu bisita gidatuak ere.

Azkenik, aipatzekoa da, datorren ekainean ere, Santa Maria plaza, Plaza Zaharra, Trianguloa plazako arkupea, Euskal Herria plaza eta Berdura plaza, lorategi iragankorrek apainduko dituztela, bi astez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!