Bertako produktuak oinarri dituen Kilometro 0 ekimenak beste jardunaldi bat izango du bihar, Zerkausian.
Udaberriarekin batera bertako produktuak ere ugaritzen hasten direla kontuan izanda, aukera zabalagoa izaten da sukaldean aritzeko. Hau probestuz, Zerkausian arituko den sukaldariak, urte garaiari dagokion platera prestatuko du herritarren artean parte hartzeko: marinatutako antxoak tomate konfitatuarekin, eta honi lagunduz, ilar freskoak azalore purearekin.
Oraingo honetan, Beti Alai jatetxeko sukaldari bat izango da Kilometro 0-ko protagonista: Inaxi Luluaga. Betiko moduan, Zerkausiko postuetan osagaiak erosiko ditu, eta jendaurrean maneatu ondoren, 11:30ak inguruan, herritarren artean banatuko du azken emaitza.
Tolosako Udaleko arduradunek, aurtengo Kilometro 0-ko saio guztietan Tolosako sukaldariek izan duten presentzia nabarmendu nahi izan dute. Solana 4 tabernakoak hasi ziren, eta Astelena jatetxekoak ere aritu ziren Zerkausian sukaldari lanetan. Hirugarrena, esan bezala, Beti Alaikoak izango dira. «Honek erakusten du, Tolosan gastronomiak duen kalitatea eta maila ez dela nolanahikoa», diote antolatzaileek.