Tolosako Udalak ingurugiroarekiko sentsibilizazio kanpaina jarriko du martxan ostegunean. Horretarako bi kale hezitzailek herritarrak informatu eta sentsibilizatuko dituzte, birziklatzea euren eguneroko ohitura bihurtu dadin.
Udalaren esanetan, Euskadi + ekimenari esker burutuko den ekintzak herritarren eskura jarritako zabor bilketa zerbitzuen eraginkortasuna hobetzea izango du helburu: «Mezu argi eta laburren bidez bilketa modu guztiak azalduko dituzte kale hezitzaileek, ordutegien inguruko zalantzak argituko dituzte eta edukiontzi mota bakoitzean utzi beharrekoa zehaztuko dute».
Hala eta guztiz ere, udaletik azaldu dutenez, «ekimen hauek eraginkorrak izateko ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea».
Jarrera «ezegokiak» ere ezabatu nahi dira, hala nola, «zaborren poltsak edukiontzien kanpoan uztea, edota kartoia edo tamaina handiko bestelako elementuak bilketarako zehazturiko egun eta orduetatik kanpo uztea».
Gaikako bilketa programa
Udalaren esanetan, «gaikako bilketak hondakinak ezaugarrien arabera biltzea du xede. Herritarrek egiten dute sailkapena, dagokion edukiontzian utziz». Bilketa mota honen onura batzuk hauek izango lirateke: «Gizarteari hondakinen arazoa gerturatzea; lehengaietan eta energian aurreztea; zabortegietan tratatuko diren hondakinen kopurua murriztea eta ingurumenaren gaineko eragina murriztea».