Arruetan (Nafarroa Beherea) jaio zen, 1952an. Antzerkiaren bidez txotxongilo eta ipuin kontagintzaren mundua ezagutu zuen, eta horretan dabil orduz geroztik.
Ostiralean, Tolosan eskainiko duzu Biribilketa deituriko emanaldia. Kontaiguzu zeren inguruan ibiliko den.
Hasieran, neska gazte batek luma beltz bat aurkituko du, eta luma horrek istorio bat izango du, bere bizia izango du, ez dakigu. Bestalde, neska horrek ere badu bere istorioa, eta istorio hau kontatu egingo dut. Bilaketa batzuen istorioa da. Aspaldidanik baztertu egin ditut horrelako enigma eta misterioa zuten hainbat ipuin, halako kontakizunak lotzeko modua aurkitu behar nuela eta. Azkenean, ipuin horiek halako kate edo soka dantza batean lotzen asmatu dut. Soka dantzan, dantzari neska-mutilak elkarrekin doaz, eta gidari bat dago. Gidari horrek halako biribilketa edo espiral baten bidera eramaten ditu gainontzekoak, eta gero hortik atera egiten dira. Mundu osoan zehar ezagutzen den dantza mota bat da, eta "labirintoaren dantza" edo "karakolaren dantza" bezalako izenak ditu. Beraz, dantza honetako sartu-irten hori sinbolo bezala hartuta, ipuinetako pertsonaiak bata-bestearen ondotik lerrokatu ditut, elkarri eskua emanda. Aipatu bezala, pertsonaia bakoitzak du bere sekretua, eta elkarrekin, elkartasuna islatuz, bakoitzaren misterioak asmatuko dituzte pixkanaka. Kontakizunei lagunduz, dantza batzuk ere izango dira.
Nolatan sortu zitzaizun ipuin kontagintzan hasteko grina hori?
Antzerkiaren eta txotxongiloen bitartez hasi nintzen, eta hori kontagintzarekin lotu nuen. Ipuina nahiko gauza librea, eta askatasunean dabilen artea denez, gerora aukera izan dut kontalari izanda, musikari, dantzari, kantari, bertsolari, margolari eta abarrekin batera ere, lan egiteko. Ipuina bakarrik kontatu izan dut, baina askotan lotu izan dut beste arte batzuekin ere. Biribilketaren kasuan, dantza urratsak ematea frogatu nahi nuen, eta apustu bat izan da.
Munduan zehar aritua zara kontalari lanetan. Zergatik aukeratu zenuen euskara munduan zehar ahozko kontakizunak egiteko? Askok, behar bada, erdara hartuko lukete, komunikazioa errazteko.
Egia esan, bi hizkuntza erabiltzen ditut, erdaraz ere egiten dut; bai euskaraz, bai frantsesez kontatzen ditut ipuinak. Bai, munduan zehar nahikoa ibilia naiz, Quebec-en ibili naiz duela gutxi, eta orain bi aste, Djibuti-n egon nintzen jaialdi batean. Euskaraz ibiltzen naiz hemen, eta frantsesaz baliatzen naiz urruneko lekuetara joaten naizenean; baina beti euskararen eta Euskal Herriaren enbaxadore bezala joaten naiz. Bide batez, esan dezakegu Biribilketa emanaldiko ipuin asko bisitaturiko leku horietakoak direla, Errusia edo Latinoamerikakoak, adibidez. Bestalde, euskal ipuinak ere badira tartean. Unibertsotik hartutako ipuinak dira, unibertsoari berriz emateko bezala.
Askotan, ipuinak haur eta gaztetxoentzako soilik direla pentsatu ohi dugu, eta badirudi helduen artean ez duela hain harrera onik. Bertsolaritzak, adibidez, indar handia hartu du azken urteotan. Zergatik uste duzu kontagintzak edo beste ahozkotasun mota batzuek ez dutela halako arrakastarik?
Egia da, beti sartzen direla txotxongiloak eta ipuinak umeen kutxan. Gu, Euskal Herriko eta kanpoko lankideok, aspaldiko urteetan horren aurka borrokan gabiltza. "Zatozte lasai, ipuina gauza lasaia da, ez dizue burua hautsiko, ez dira umekeriak" esaten diogu jendeari, baina ez dakigu oso ondo haurrentzako kontua bakarrik ez dela azaltzen. Nire ustez, jendeak lehen urratsa eman behar du, ipuina zer den ikusteko. Horren ondoren badakite zer dagoen, ikustera etortzen dira gehiagotan. Baina jendea behin ere entzutera ez bada etortzen, ordea, beti pentsatuko du ume kontua dela. Egunen batean askatu beharko dugu kontu hau. Ez gara kontalari asko baina Hego Euskal Herrian batzuk mugitzen ari dira. Ez dakit noiz bultzatuko dugun iraultza, noiz erakutsiko diogun mundu osoari zer demontre den arte hau, baina noizbait egin beharko dugu. Bertsolaritzak eman duen pausoa ez dugu emango egun batetik bestera, baina urrats txiki batzuk ematea ondo legoke.
Munduan zehar ezagutu dituzun kulturetan ere gauza bera gertatzen al da ahozkotasun moduekin?
Djibuti-n izan naiz, Afrikan Eritrea eta Somalia inguruan, eta ikusi dut han ere berpizten hasi direla pixkanaka, kontalariak biltzen hasi direla. Kontalariek badute gogoa, eta ipuinaren altxorra ere bai. Hirietan kontakizunak galdu egin direla diote, baina baserri inguruetan eta herrietan gauza asko omen daude kontatzeko. Ameriketan, adibidez, show handiak egiten dituzte kontalariekin, eta milaka ikus-entzule izaten dituzte. Quebec-en berriz, gehiago lantzen dituzte hiriko kondairak, eta mito asmatu berriekin tartekatzen dituzte. Oro har, gauza berriak ezagutzen ari dira txoko desberdinetan: gauza herrikoiak gaur egungoarekin bat eginda nola konta daitezkeen, atzoko ipuinak biharrera pasatzeko zer erantsi dezakegun bilatuz, eta abar. Mugimendua bidean doa, lasai-lasai, eta alde batetik gauza ona da bere erritmoan ibiltzea, izan ere, gerta daiteke moda bat izatea eta bat-batean igo den hori, gero bat-batean erortzea. Poliki-poliki goaz beraz, ipuinaren urratsean.
Pauso horiek emateko, hezkuntza sistemak berak testu liburuetatik harago joan, eta ahozkotasunari leku zabalagoa eskaini beharko liokeela uste al duzu?
Bai, behar bada bai, noski. Jendearen arteko harremana ere falta dugu, oraingo gazteak ez baitira kalean hainbeste ibiltzen; telebista zale bilakatu dira, eta gazteak telebistatik mugitzea zaila da. Ez zaie behar duten lekua eskaintzen hitzari eta jendearen arteko harremanei, eta gainera ez da momentu eta leku aproposik aurkitzen ahozkotasuna bezalako gauzetarako. Eskolak bere aldetik zerbait egin behar lukeela? Baliteke, baina familiak ere egin dezake, animazioak ere bai, kultur etxeek,... Denon gauza da zuzeneko harreman hori berpiztea, eta jendetasuna eta elkartasunaren saltsa hori pixka bat mugitzea.