Gipuzkoako grafikagintzako langileak grebara deitu dituzte ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, datorren apirilaren 18, 19 eta 20rako. Greba egitearen arrazoi nagusia Adegi enpresaburuen elkartearen «immobilismoa» dela salatu dute sindikatuek: «Adegiren jarrera aldatzen ez dela ikusita, hiru greba egun horiek deitu ditugu».Gure eskualdearen kasuan, Adegi patronalaren eta sindikatuen arteko desadostasunetik sorturiko grebak, hainbat enpresei eta langileri eragingo die, hala nola: SAM, Unipapel, Antalis, Borobil, Artes Graficas Laga, Mandriles Cicarsa, Corenso, Cartonajes Limousin, eta abar; neurri eta izaera askotariko grafikagintza enpresak daude Tolosaldean. Sektorearen eragina handia dela ikusita, sindikatuek langile askok erreakzionatzea espero dute: «kalera ateratzeko hautua egingo dute langile askok».
Akordio batera iritsi ezina
Iazko udaberrian ere bost eguneko greba egin zuten grafikagintzako sektorean, eta oraindik ez dute Adegi patronalarekin adostasun batera iristerik lortu. Sindikatuek, beren aldetik, akordio bateratu bat lortzeko beren nahia «argi eta garbi» utzi dutela diote, eta Adegik borondate bera erakutsi ez izana salatu dute: «Adegik ez du determinazio bera erakusi, inondik inora». Bide beretik, hain zuzen enpresaburuen elkarteak, 2010eko abenduan egindako eskaintza berarekin erantzun izana gaitzetsi dute ELA, LAB eta CCOOeko arduradunek.
Alde batetik, sindikatuek soldata igoera eskatu dute, KPIarekin eta urte bakoitzeko 0,5eko igoerarekin. Horrez gain, ezgaitasun iragankorren kasuan, oporrak izanez gero, langileak opor egun horiek aurrerago gozatzeko aukera izatea nahi dute; honek 2010etik 2012ra bitarte indarrean jarraitzearen alde egingo dute ELAk, LABek eta CCOOek.
Bestalde, Adegiren proposamena, 2010 eta 2011ko soldatak ez igotzea da, eta 2012 eta 2013an, grafikagintzako langileei, KPIaren igoera aplikatzea. Era berean, urte osoan zeharreko jardunaldian 59 ordu gehiago egin beharko lituzkete lan sektoreko langileek, eta aipaturiko jardunaldia, modu irregularrean banatu nahi du Adegi patronalak.
Apirilaren 18, 19 eta 20ko greba egunekin, Adegiri «arduraz joka dezala» eskatu nahi diote sindikatuek, eta beste sektore batzuetan balio izan duen proposamena, grafikagintzaren sektorerako ere onar dezala, «immobilismo hori alde batera utziz».