Aste Santuetan Tolosan gastronomiari lotutako eskaintza prestatu dute. Bertan geratzen direnek nahiz bisitariek, oraingoan, karakolaz edo barraskiloaz gozatzeko aukera edukiko dute.
Beste leku askotan bezala, Tolosan karakolak jan ohi ziren Ostegun Santuan. Ohitura hori aintzat hartu eta berreskuratu asmoz, apirilaren 21etik 25era karakolak dastatzeko aukera izango da herriko taberna eta jatetxeei esker.
Udaletik azaldu dutenez, «Tolosak aspaldi erabaki zuen Slow Food mugimenduarekin bat egitea, eta ekimen honek ere zuzenean lotzen gaitu larunbateroko azokak oinarrian duen filosofia horretara. Hori dela eta, beste behin ere gure azokara gonbidatzen ditugu herritarrak, kasu honetan gainera, karakol saltsa lasaitasunean gozatzera!».
10.000 karakoletik gora
Bost egunetan zehar hainbat ekintza izango dira, eta guztietan nabarmendu beharrekoa Trianguloa plazan egingo den karakol jate erraldoia izango da.
Taberna eta jatetxeek 10.000 barraskilo baino gehiago prestatuko dituzte goizean zehar, eta ondoren horiek herritarren artean banatuko dituzte. Bestalde, herriko hainbat tabernak bat egin dute ekimenarekin, eta horregatik, pintxoak euren ardoaz lagundurik ezohiko prezioan dastatu ahalko dira.
Era berean, hainbat jatetxetan Aste Santurako bereziki prestaturiko menuaz gozatu ahalko da. Honek ere ezohiko prezioa izango du, eta plateren artean barraskiloak aukeratu ahalko direla azaldu dute Tolosako Udaletik.
Bestalde, nabarmendu larunbateroko azokak ez duela hutsik egingo Aste Santuan. Gainera, bertan ere karakola protagonista izango da. Beraz, ekintza erakargarri ugari dituzte zain Tolosan geratzen diren herritarrek nahiz udalerria bisitatzera datozen turistek.