«Sasoian egoteko, taktika, fisikoa, teknika eta burua puntu onean behar dira»

tolosa 2011ko martxoaren 31

30 urtetik gora daramatza Justo Lillok (Tolosa, 1960) prestatzaile fisiko eta entrenatzaile gisa. Heziketa fisikoan lizentziatua da eta goi mailako errendimenduaren inguruko lehen masterra egin zuen. Atletismoan eta futbolean entrenatzaile nazional titulua du. 18 urterekin hasi zen ia bere adineko atletak entrenatzen. Futbolean hainbat talde eta mailatan izan da: Tolosa, Hernani, Izarra, Eibar... Liverpool talderako ere fitxatu zuten, baina hilabete gutxi egon ondoren, «arazo pertsonalengatik» itzuli egin zen. Egun, Aspeko pilotariak prestatzen ditu Tolosako Usabal kiroldegian, tartean Abel Barriola, eta Real Union futbol taldeko bigarren entrenatzailea eta prestatzaile fisikoa da.

Zein ezberdintasun dago pilotarien eta futbolarien arteko prestaketan?

Oso ezberdinak dira. Bietan abiadura, erresistentzia eta indarra lantzen ditugu, baina kirol bezala oso ezberdina da pilota. Urte osoan egon behar duzu sasoi onean. Futbolean errazagoa da zikloak egitea. Pilotako lehenengo urtea erokeria izan zen niretzat. Pilotariei galdetzen nien noiz hasten zen atsedena, eta «inoiz ez» erantzuten zidaten. Neguan txapelketak dituzte eta udan jaialdiak. Beraz plangintza berezia bat egiten dugu, erabat ezberdina beste kirolekin. Futbolean talde batek jokatzen du. Norbait ez badago sasoian, ordezkatu egiten duzu. Baina, pilotan, pilotari bakoitza mundu bat da. Antolakuntza ez da erraza.

Eta nolakoa izaten ari da esperientzia pilotaren munduan?

Ona izaten ari da. Kanpoan entzuten da pilotariak oso alferrak direla, ez zaiela gustatzen entrenatzea... Nire kasuan, edo zorte handia izan dut, edo esaten den hori gezurra da. Fama txarra izan dute pilotariek, baina hori orain dela urte askotatik dator. Azken hamar urteotan, nire ustez prestaketa maila igo egin dela. Ezin da konparatu Retegiren partida bat gaur egungo batekin. Egun erritmoa handiagoa da. Prestakuntza fisikoaren aldetik, orokorrean egungo pilotariak atletak dira.

Zer ezaugarri ditu Abel Barriolak ?

Agian osoena izango da. Iraupenaren aldetik oso maila altua du. Abiadura aldetik denok dakigu nola dagoen, belauneko lesioa pasatu arren. Oso indartsua da. Taktikoki ere oso azkarra da. Denboraldi osoan mantentzen du sasoi puntu altua. Lan gehiegi egiten duela da bere arazoa. Ez da konturatzen atsedena ere hartu behar duela. Lesio larria izan zuen eta ikusten da errekuperatu egin dela. Ez badu arazorik, beste hiruzpalau urte ariko da lehen mailan.

Futbolean prestakuntza asko aldatu da hasi zinenetik?

Ni hasi nintzenean, batez ere atletismoarekin zerikusia duen prestakuntza erabiltzen nuen. Gaur egun asko aldatu da. Baloia gehiago erabiltzen da. Bestalde, lehen ez zegoen ia prestakuntza fisikorik. Bigarren B mailan, beste taldeetan prestatzaile fisikorik ez izatea gertatu izan zait. Egun prestatzaile fisikoak alebinetan ere badaude. Agian ez da hainbesteraino behar. Egun zikloak motzagoak egiten dira, eta edukiak ere ezberdinak dira.

Bigarren entrenatzailea zara Real Unionen. Zer moduz doa denboraldia?

Miguel Sola entrenatzailearekin Izarra taldean nengoen denboraldi hasieran. Abenduan deitu ziguten Real Unionetik. Izarrakoekin hitz egin ondoren, azkenean bertara joan ginen. Taldea bosgarren lekuan zegoela bota zuten aurreko entrenatzailea. Beraz, eskakizun maila handia da. Iaz bigarren mailatik jaitsi ziren eta hori berreskuratu nahi dute.

Entrenatzailearen eta prestatzaile fisikoaren arteko harremana oso estua izaten da, ezta?

Orain 20 edo 25 urte  bakoitzak ia bere aldetik egiten zuen lan. Askotan entrenatzaileak esaten zizun ordu erdia zenuela prestaketa lanak egiteko. Gaur egun, ez da horrelakorik ulertzen. Dena elkarrekin prestatzen da. Entrenamendu integratua egitea da helburua. Garrantzitsua da prestakuntza fisikoari buruz jakitea, baina baita jokoa ulertzea ere.

Kirolean sasoi onean egoteak garrantzia du, noski, baina baita burua bere lekuan izatea ere.

Nik beti esaten dut, sasoian egoteko taktikoki, fisikoki, teknikoki eta buru aldetik puntu on batean egon behar zarela. Ez baduzu hori lotzen, zerbait falta zaizu. Hori dena lortzea zaila da. Gero eta gehiago erabiltzen da psikologoaren figura. Real Unionen pixkanaka sartzen ari gara. Orain dela bi edo hiru urte erabiltzen zuten psikologo bat, eta nik uste dut ona izan zela.

Kirolari profesional baten eta profesionala ez den baten artean, zein da alde nabarmenena?

Profesionalarentzako kirola lana da; hori da lehenengo ezberdintasuna kirolari ez profesional batekin. Ez bazoaz lanera, bota egingo zaituzte. Gainera, kirolari profesionalek beraiek ikusten dute egiten duten lana beraientzako dela.

Zertan aldatu da kirola, hasi zinenetik gaur egun arte?

Eskakizun mailan. Kirola ikuskizuna bihurtu zen orain dela urte asko, eta badakigu zer gertatzen den kirol gehienetan: onena izan behar zara. Nola lortu hori? Denetarik dago. Baina nik garbi daukat: lanaren bidez egin behar da; gauza batzuk ez dira sartzen nire buruan. Hein batean, atletismoa horregatik utzi nuen. Nazioarte mailako atleta batzuk izan nituen, batez ere bat, oso ona zena. Esan zidatenez, mundu arraro batean sartu gabe, ezin da  Olinpiar Jokoetan finalera iritsi. Iker Sukia ataundarrarekin aritzen nintzen. Lortu zuen guztia modu on batean lortu zuen. Helburu horiek lortzeko, badakigu nola dagoen mundu profesional hori. Batzuk garbi joango dira, baina beste asko ez. Jaurtiketetan, behintzat, ez du merezi. Badakizu iruzurra egingo dizutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!